AKTUALITATEA

| 2021-04-07

EH Bilduk bere harridura azaldu nahi du Espainiako Futbol Federazioak eta Eusko Jaurlaritzak ekainean San Mamesen jokatuko diren Eurokopako partidetan 13.000 lagunentzako gehienezko edukiera ahalbidetzeko hartutako erabakiarekin. "Pandemia batean murgilduta gaude, egunetik egunera kezkagarriagoak diren datuekin, eta Eusko Jaurlaritzak erabaki du milaka pertsona bil daitezkeela kirol ekitaldi batean", adierazi du Rebeka Ubera legebiltzarkideak. Ildo horretan, EH Bilduk Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren eta Jon Redondo Kirol zuzendariaren agerraldia eskatuko du Legebiltzarrean, erabaki hori hartzeko arrazoien eta datuen inguruan azalpenak eman ditzaten.

Uberak esan du ez duela ulertzen Eusko Jaurlaritzak nola hartu ahal izan duen erabaki hori, pandemiaren egoerak eta bilakaerak ez baitute pentsarazten milaka pertsona bildu daitezkeenik. "Osasun publikoa jokoan dagoen egoera larrian egonda, erabaki koherenteak, gardenak eta argiak hartuko dituzten agintariak behar ditugu. Ezin da egun batean herritarrei erantzukizuna eskatu eta pilaketak eta mugikortasuna saihestu, eta hurrengo egunean futbol-estadio batean milaka pertsona bildu ahal izatea sustatu. Inkoherentea da eta herritarrek ez dituzte horrelako erabakiak ulertzen", esan du Uberak.