AKTUALITATEA

| 2024-02-18

Oihana Etxebarrieta EH Bilduren hauteskunde kanpainako bozeramaileak adierazpenak egin ditu hedabideen aurrean, gaur goizean, Errenteria-Oreretan. Ondoan izan ditu Nerea Kortajarena Legebiltzar taldeko bozeramailea Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Gipuzkoako zerrendaburua, Maddalen Iriarte Gipuzkoako BBNNetako bozeramailea eta Aizpea Otaegi Errenteria-Oreretako alkatea.

Agerraldia hasteko, Eusko Legebiltzarrerako hautes-zerrendak berresteko otsailaren 15etik 17ra bitartean EH Bildun egin diren bozketen berri eman du Etxebarrietak. Gaur eguerdian itxi da bilkideek botoa emateko aukera. Erabateko gehiengoarekin berretsi dituzte EH Bilduren oinarriek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Mahai Politikoek proposatutako zerrendak. Bataz beste, %90ekoa baino babes handiagoa izan dute.

Oihana Etxebarrieta:

Gaur, oraindik ere, jarduneko lehendakariak eragindako nahasmenaren zeremonian murgilduta jarraitzen dugu. Izan ere, atzo Kontrolerako Osoko Bilkuran erakutsi zuen bezala, mundu guztia, baita bere alderdikoak ere, hauteskundeak noiz deituko dituen zain dago. Berriro ere agerian geratu zen amortizatutako lehendakari eta gobernu baten aurrean gaudela.

Atzo berriro ikusi genuen oraindik ere EAEko ordezkaritza instituzional gorena duenak, bere profil instituzionalari lehentasuna eman behar dionak, eginkizun hori eta eskatzen dituen formak baztertzen zituela. Maiatzeko hauteskunde kanpainan jada ikusi genuen Urkullu lehendakari bati eskatzen zaizkion formak galduta, eta EAJren egur emaile gisa agertzen. Gaur gauza bera ikusten jarraitzen dugu, bere haserrea eta amorrua gailentzen da, eta ez dakigu hori hautagai gisa errepikatzen ez duelako den edo ez. Konponbidea baino, konponbideetarako oztopoa da, eta erakusten ari da ez dagoela momentuak eskatzen duen mailan.

Politika arazoak konpontzeko eta herritar gehienen eskaera nagusiei irtenbidea emateko tresna gisa ulertzen dugu politika. Osakidetzaren degradazioa geratzea eta norbaitek gainbehera horren erantzukizuna bere gain hartzea eta osasun sistema publikoa berriro ere zutik jartzea nahi dute herritarrek. Zilegi ez dena da guztiaren errua beste batzuei egoztea, baita herritarrei ere. EH Bilduk, herri proiektu aurrerakoi bat eskaini nahi du, begirada zabala eta irismen luzekoa duena. Begirada murritz eta baztertzailea duenak atzean geratuko dira, zaharkituak daudelako, eta oraindik ere hori eustea ulergaitza egiten zaigu.

Are ulergaitzagoa egiten zaigu ardura politiko eta instituzionalak dituen pertsona batek irizpide pertsonalen eta emozionalen arabera jokatzea, eta hauteskundeen datarekin jokatzea, herritarrak horren zain daudenean. Orain, bi alderditako ordezkariak bakarrik deitu ditu bilera batera, bere alderdia eta bere gobernuko kidea. Horrek, berez, agerian uzten du lehendakari gisa daukan ardura galdu duela, alderdi izaerako interesak lehenesten dituela eta interes orokorra alboratzen dituela.

Euskal herritarrek ez dute horrelako gobernaririk merezi. Aire berria sartu behar da euskal politikagintzan, orain dagoen zahar usaina kentzeko. Aldaketa politikorako garaia da. Eta aldaketa abian da.