Albisteak

Espainiako Koroaren aurkako adierazpenak despenalizatzeko proposamena bultzatu dute Senatuan EH Bilduk eta ERCk


Monarkiarien aurkako protestak Zigor Kodetik kentzeko lege proposamena aurkeztu dute gaur Esquerra Republicana – Euskal Herria Bildu talde parlamentarioko senatariek, delitu izan ez daitezen

EH Bildu | 2020-03-24 14:19:00

Zigor Kodea erreformatzeko lege proposamena aurkeztu dute gaur Senatuan EH Bilduk eta ERCk, Espainiako Koroaren aurkako adierazpenak despenalizatzeko asmoz. Koroari eginiko irainei lotuta gaur-gaurkoz sei hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorrak eragin ditzaketen delituak Zigor Kodetik kentzea da proposamenaren helburua. Euskal Herriko eta Kataluniako ezkerreko indar subiranistek uste dute benetako demokrazia batek bideak jarri beharko lituzkeela pertsona guztiek beren ideiak askatasunez adieraz ditzaten. Horregatik, Esquerra Republicana - Euskal Herria Bildu talde parlamentarioak Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa aldatzeko eskatu du, banderak erretzea edo monarkiaren aurkako protestak delitu gisa tipifikatzen dituzten zentsurak gainditzeko eta zigorrak saihesteko.

Azken urteotan, Espainiako justiziak behin baino gehiagotan jo du artista, kazetari edo aldizkari satirikoen aurka monarkiari buruzko aipamen kritikoak egiteagatik abestien hitzetan, sare sozialetako argitalpeneten edota egunkarietako azaletan. EH Bilduk eta ERCk gogorarazi dutenez, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arabera "Estatu batek bere estatuburuaren ospea babesteko duen interesak ezin du justifikatu Estatuari berari informazioa emateko edo hari buruzko iritziak emateko eskubidearen aurka egitea". Hori dela eta, Estrasburgoko Auzitegiak dio erregearen irudiak erretzea kritika politikoaren esparruan sartzen dela eta adierazpen askatasunerako eskubideak babesten duela.

Ildo berean, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 19. artikuluak jasotakoa azpimarratu dute EH Bilduk eta ERCk: "Norbanako orok dauka iritzi eta adierazpen askatasunerako eskubidea, bere iritziengatik eragotzia edo zentsuratua izan gabe". Erroman adostutako eta Espainiako Estatuak berretsitako Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Hitzarmenaren 10. artikuluaren esanetan, halaber, informazioa edo ideiak partekatzeko eta jakinarazteko askatasuna jasotzen ditu bere baitan adierazpen askatasunak, betiere agintari publikoen esku hartzerik gabe.

EH Bildu eta ERCren ustez, indarrean dagoen legedia egokitu eta gaurkotu behar luke Espainiako Estatuak arestian aipatutako hitzarmenen eskakizunetara, aurrerantzean Koroari eginiko irainak ez daitezen delitu izan. Ezkerreko indar subiranisten hitzetan, herritar bakoitzaren gogoeta etiko, moral edo politikoetatik harago, monarkiaren aurkako adierazpenak salbuetsita geratu beharko lirateke Zigor Kodean: delitu bezala jaso beharrean, herritar guztiei dagokien adierazpen askatasunaren adibidetzat hartu beharko liratekeela, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ezarritako irizpideak betez.