AKTUALITATEA

| 2025-03-17

Pello Otxandianoren adierazpenak: 

Bilera interesgarria izan da, eta hainbat gairi buruzko jarrerak trukatu ditugu. Jakina, EH Bilduren eta Confebasken jarrera politikoak nahiko urrun daude ia esparru guztietan, baina uste dugu oso garrantzitsua dela entzutea eta ikuspuntuak partekatzea, modu batera edo bestera, herri honetako bizitza sozial eta ekonomikoan eragina duten eragile guztiekin.

Bileran egoera sozial eta ekonomikoarekin lotutako gaiak jorratu ditugu, besteak beste, industria-politika, Lanbidearteko Gutxieneko Soldata, fiskalitatea eta herri honetan planteatu behar dugun garapen sozial eta ekonomikoko eredua. Guk eta Confebaskek horren inguruan ditugun jarrerak azaldu ditugu.

Euskal Lanbidearteko Gutxieneko Soldatari dagokionez, aste honetan agenda publikoan gai garrantzitsua izango baita, gure jarrera berretsi nahi dugu: Eusko Jaurlaritzak zeregin aktiboa izan behar du euskal sindikatuek eta patronalak egin behar duten negoziazioan bitartekari gisa. Uste dugu, gaur egun, Jaurlaritza ez dela rol hori behar bezala betetzen ari.

Sindikatu guztiek batera egindako proposamen bat dago — argitara eman den bigarren proposamena —, oso posibilista iruditzen zaiguna. Ildo horretan, uste dugu patronalak negoziatzera eseri behar duela, ez baita ulertzen negoziatzeari uko egin izana.

Confebaski jakinarazi diogu gai garrantzitsua dela hori. Ez da arlo soziolaboralean jorratu beharreko gai bakarra, baina bai garrantzitsua, eta uste dugu benetako aukera dagoela euskal Lanbidearteko Gutxieneko Soldatari buruzko akordio batera iristeko. Uste dugu patronalak bere erantzukizuna onartu behar duela eta akordio hori lortzeko elkarrizketan parte hartu behar duela.