Nerea Kortajarena EH Bilduko Programa idazkaria Herri Irratian elkarrizketatu dute, eta Osakidetzan iraungitako txertoen dosien inokulazioaz hitz egin du.
«Uste dut karpeta-kolpea eman nahi zaiola Osakidetzan iraungitako txertoen gaiari, baina oraindik asko hitz egin behar da, oso kontu larria baita», berretsi du. Era berean, legebiltzarkideak salatu duenez, «txertoen krisia kaosa eta desordena da, eta Osakidetzak dituen egiturazko arazoak eta Jaurlaritzaren kontakizuna ez hausteko ahalegina batzen dira, arazoak konponduta daudela dioena».
«EAJk gezurrekin eta manipulazioekin jarri du martxan haizagailua, Getxoko jauregitxoarekin eta iraungitako txertoekin marroi bat duelako. Estrategia horrek Madrilen usaina du, baina hemen ez du lekurik», adierazi du.