AKTUALITATEA

| 2020-07-22

EH Bilduren iritziz, Durangoko epaitegiak Verter Recycling 2002 enpresako buruak atxilotzeko emandako aginduak berresten du koalizioak berak azken hilabeteotan egin duen diagnostikoa; alegia, Zaldibarko zabortegiaren kudeaketan delitu zantzuak daudela, batetik, eta instalazio horren jabeen ardurak ez ezik, ardura politikoak ere egon badaudela, bestetik. Ildo horretan, Unai Urruzuno legebiltzarkideak azpimarratu du Jaurlaritzak azalpenak berehala eman behar dituela ezinbestean, zabortegiaren kudeaketa kontrolatzea bere ardura delako.
Urruzunok gogora ekarri du Zaldibarren “irregulartasun txikiak, garrantzi gabekoak”, baino ez zirela detektatu, Ingurumen sailburuak Legebiltzarrean azaldu zuenaren arabera. Orain, ordea, epaileak guztiz kontrakoa esaten du. Hortaz, “Gobernuak azaldu behar du nola den posible gertatu den guztia gertatu izana zabortegi horren gaineko kontrola berari dagokionean; enpresaren ardurak ez ezik, ardura politikoak ere egon badaude. Gobernuari eskatzen diogu zezena adarretatik har dezala behingoz eta neurriak jar ditzala martxan Zaldibarko auzi guztiari irtenbidea emateko. Gobernu ausente bat dugu, auzi honi heltzeko gai ez dena”.
Ikerketa Batzordea
Urruzunok azaldu du EH Bilduk ez duela baztertzen Zaldibarko auzia ikertzeko batzorde berezi bat eratzeko eskatzea Legebiltzarrean, eta gogorarazi du EH Bildu dela, EAJrekin batera, eskaera hori egiteko baldintzak betetzen dituen talde parlamentario bakarra.