AKTUALITATEA

| 2023-10-04
- Gidoi aldaketa gertatu da. Ibilbide oso bat egin dugu. Testu asko elkargurutzatu ditugu bi urte eta erdian. Ibilbide honetan ez da inoiz hizkuntza ereduen aipamenik egon. Aurrera begira egin nahi den ibilbidean hizkuntza ereduak gainditu behar zirela argi genuen guztiok. Atzoko emendakin bateratuarekin hizkuntza ereduen debatea ekarri da erdigunera, eztabaidaren parametroak beste batzuk zirenean. 
 
- Zergatik gertatu da hau? PSEk hordagoa bota du, hizkuntza ereduekin marra gorri bat ezarriz eta EAJk markoa erosi dio. Bi urte eta erdiren ondoren, azken minutuan aurkeztu den emendakin baten bidez, beste egoera batera da Hezkuntza Legea. Mahai gainean ez zegoen gai bat jarri dute eztabaidaren erdian. Lege honek hurrengo 30 urteotako hezkuntza sistema arautuko du. Hezkuntza komunitateak eta eztabaida honek berak seriotasun handiagoz aritzea exijitzen du.
 
- Hizkuntza ereduak gaindituta daude, errealitateak berak gainditu ditu. Egun hezkuntza sisteman dugun aniztasuna kudeatzeko egungo hizkuntza ereduek ez dute balio. Hiztun profil oso ezberdinak daude gela bakar batean eta hizkuntza ereduak ez dira egungo errealitateari aterabiderik emateko gai. 30 urtetako esperientzia daukagu. Hizkuntza ereduek ez dute bermatzen ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak jakitea eskolatzea amaitzean. Legea ez da betetzen ari.
 
- Bertsio kontrajarriak daude emendakinaren inguruan. PSEk dio emendakinak hizkuntza ereduak blindatzen dituela. Hau da PSEk esan zuena eta gehien gehienek ulertzen dutena. Bigarren bertsioa oraintxe eman du Bildarratzek: hizkuntza ereduak eguneratu behar dira eta beste zerbait egin behar da, eta emendakin honek horretarako bidea ematen digu. Suposatzen dugu sailburuaren bertsioa EAJrena dela, alderdiarena. 
 
Eztabaidari argia ematen ahaleginduko gara. Eskaera zehatza egiten diogu EAJri eta PSEri. Ager daitezela batera eta azal dezatela azalpen bat eta bakarra emendakin honen helburua eta zergatia zein den. Azalpen koherente eta oso bat eta bakarra eskatzen diegu EAJri eta PSEri. Izan ere, emendakin hau PSEren zentzuan ulertu behar bada, Hezkuntza akordiotik ateratzen delako.
 
- Gure asmoa da eztabaida parlamentarioa egitea legearen artikulu guztien gainean, baina horretarako jakin behar dugu emendakin honek zer esaten duen zehazki.
 
- Hezkuntza sistemak erronka handiak ditu aurrean, transformazio handiei egin behar die aurre. Legea hau funtsezkoa da horretarako, tresna oso garrantzitsua da, baina hortik harago doa. Transformazio hori egin ahal izateko ezinbestekoa da EAJ, baina EH Bildu ere bai. Eta beste asko, jakina.