AKTUALITATEA

| 2020-07-10

Maddalen Iriartek duela lau urte hartutako konpromisoa berretsi du gaur Donostiako Miramar Jauregian, EH Bilduko beste hainbat emakumerekin batera. Hala, “Gobernu feminista bat osatzeko eta emakumeak eta euren premiak politika publikoen erdigunean jartzeko konpromisoa” adierazi du, “berdintasunean oinarritutako jendartea eraikitzeko”. Izan ere, “emakumeek pairatzen duten prekarietatea amaitu beharra daukagu, soldata arrakalari amaiera emateko neurriak jarri beharra dago, indarkeria matxistari aurre egin behar zaio... Horixe da nire konpromisoa”.

Ildo horretatik, prekarietateak emakume aurpegia duela gogorarazi eta behar-beharrezkotzat jo du neurriak hartzea egiturazkoak diren ezberdintasunak gainditzeko. “Zaintzen Sistema Publikoa osatzea proposatzen dugu, garaia baita komunitateak eta instituzioek zaintzen ardura bere egiteko. Horrekin batera, miseriazko pentsioak amaitu eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak lortzeko ordua da eta etenik gabe egingo dugu lan hori lortzeko; emakumeak dira, gehienbat, bizitza duinak egiteko aukera ematen ez duten pentsioak dituztenak”.

Indarkeria matxista ere ez du ahaztu EH Bilduren lehendakarigaiak. “Indarkeria matxistaren aurrean, minutuko isiluneek baino, zerbitzu publiko sendoak, diruz hornituak eta ongi koordinatuak baliagarriagoak izango dira. Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako euskal itun bat proposatzen dugu, edukiaz gain, egun ditugun zerbitzu eta norabideak elkarlanean definitzeko. Itun konpartitu eta elkarrekin landutakoa nahi dugu, herritarrena, feministena”.

Neurri zehatzetatik harago, Maddalen Iriartek Gobernu bat feminista izateak duen esanahia ere azpimarratu du. “Elkarrizketa, elkarlana, elkar entzutea, elkarrekin eragitea. Bere buruarekin bakarrik hitz egiten duen gobernu baten aurrean, enpatia, elkarrizketa eta elkarlana eskaintzen ditu EH Bilduk, ezkerreko eskuarekin gobernatzea. Gauzak egiteko beste modu bat da nik mahai gainean jartzen dudana, azken urteotan, mugimendu feministaren aldarrikapenak hartuta, gure herriko kaleak hartu dituzten milaka eta milaka emakumeek eskatzen duten bestelako jendarte eredua, gobernuek ahaztuta dituzten euren beharrak asetzeko”.

Gasteizen atzemandako covid kasu berriek kezkatuta

Iriartek osasun larrialdiak emandako azken orduko albisteei ere erreparatu die Donostiako ekitaldian, eta oso kezkatuta agertu da “iristen ari zaizkigun informazioekin, komunikabideetatik jakin baitugu oraindik ofizialak ez diren kasuak ere badaudela Gasteizen”. “Osasun publikoa eta informazio gardena lehentasuna izan behar dira osasun larrialdi batean eta ez genuke pentsatu nahi hauteskundeen atarian datuak ezkutatzen ari direnik”, azpimarratu du horren harira. Eta erantsi du: “Gure Ordiziako alkatea esaten ari da ez zaizkiola datu guztiak ematen ari. Zifra dantzarekin oso kezkatuta gaude. Datuen zehaztasun eza horrek herritarren kezka areagotu egiten du”.