EH Bilduk Elkarrizketa Nazionalaren ekimena aurkeztu du gaur, Konferentzia Politikoaren baitan. Bere militantziaren ordezkaritza zabal baten aurrean eta bere erreferente instituzional eta sozial nagusien parte-hartzearekin, koalizioak datozen hilabeteetan bere lan-ardatz estrategikoa izango dena plazaratu du: entzute aktiboko, kontrasterako eta eraikuntza partekatuko prozesu kolektibo handi bat.
Bere hitzaldian, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak azpimarratu du une historikoa bizi dugula, eraldaketa sakonek -ekonomikoak, sozialak, teknologikoak eta ekologikoak- eta egungo autogobernu esparruen agorpenak zeharkatutakoa. Koiuntura horrek erronka nazional historikoa planteatzen du, eta eskala handiko erreakzioa, bultzada berria eta eraldaketa nazional berria eskatzen ditu. Horixe da, hain zuzen ere, Elkarrizketa Nazionalaren xedea: diagnostiko partekatu bat adostea eta herri-proiektu komun bat eraikitzea.
Kontraste hori bideratzeko, EH Bilduk proposamen-marko bat jarriko du "mahai gainean": diagnostiko oinarrizko eta sintetiko bat -lau orri eskaseko dokumentu batean jasoa-, eztabaidarako oinarri izango dena, kontua ez baita soilik entzutea, baizik eta elkarrizketa sakon bat jorratzea.
"Herri honek egoera zailetan aurrera egiten jakin du, eta berriro egingo du", azpimarratu du Otegik, "baina, horretarako, lehenik eta behin, unea ondo irakurri behar dugu, eta gure herria nola dagoen zorrotz aztertu". "Asko hitz egiten da munduaz, AEBez, Europaz, Draghiz, von der Leyenez, Lettaz, Espainiaz edo Kanariez... eta oso gutxi gure herriaz. Guk, Euskal Herriaz, bere indarguneez eta ahuleziez hitz egitea proposatzen dugu, aurrez aurre begiratzea eta kontsekuenteki jokatzea".
Elkarrizketa Nazionala hiru dimentsio osagarritan hedatuko da, funtzio bereiziak izango dituztenak:
Tokiko dimentsioa: gizarte-eragileekin, erreferentziazko pertsonekin eta herritarrekin batera, zer gizarte-mota osatzen ari den jakitea.
Dimentsio nazionala: gure herriak erronka nazionalari aurre egiteko behar duen jauzia proiektatzea, eragile nagusien eta pertsona esanguratsuen eskutik.
Dimentsio aditu-instituzionala: jauzi horrek eskatzen dituen politika publiko estrategikoak identifikatzea eta diseinatzea, jasotako ekarpenak sistematizatuz.
Hitzaldian, Arnaldo Otegik urrats horren garrantzia nabarmendu du: "Elkarrizketa Nazionala helmen handiko ariketa demokratikoa da, gure herriaren adimen kolektiboa aktibatu nahi duena. Entzun, partekatu eta adostu nahi dugu, guztion artean bakarrik eraiki ahal izango dugulako herri proiektu sendo bat eta, anbizioz eta lasaitasunez, aurrean ditugun erronka handiei erantzun ahal izango diegulako ", amaitu du.