AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-03

EH Bilduko ordezkaritza batek Gureak enpresa bisitatu du gaur. Enpresa horrek inprimatu eta gutunazaletan sartzen ditu datozen egunetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxeetara iritsiko diren EH Bilduren boto-paperak. Bisitan izan dira Oihana Etxebarrieta EH Bilduren hauteskunde kanpainako bozeramailea, Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburua; eta Itziar Murua Gipuzkoako hautagaia. Bisitaren ostean, Etxebarrietak adierazpenak egin ditu komunikabideen aurrean.
 


«Gaur Gureak enpresa bisitatzera etorri nahi izan dugu, bera baita EH Bilduren boto-paperak inprimatzeaz eta gutun-azaletan sartzeaz arduratzen dena. Beste enpresa batzuk hauta genitzakeen, baina Gureak-en aldeko apustua egin dugu. Gurea beste begirada bat delako, politika ere beste era batera egiten dugulako. Gureak gizarte ekonomiako enpresa taldeak desgaitasuna duten pertsonentzako lan-aukera egonkorrak sortu eta kudeatzen ditu. Bere ibilbide luzean zehar, gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa-eredu bat sortu du, eta eredu hori erreferente bihurtu da Europan».

«Eta, gaur, azpimarratu nahi dugu EH Bildurena aldaketaren boto-papera dela, eta hemen eta orain egin daitekeela, eta, gainera, beharrezkoa dela. Egun hauetan euskal herritarrei azaldu diegu zein diren EH Bilduren proposamenak Osakidetza berriro zutik jartzeko, etxebizitza eskuratzea eskubide bat izan dadin eta ez pribilegio bat, edo industria eta ekonomia suspertzeko. Horiek dira Eusko Jaurlaritzatik egin nahi ditugun politika publikoak, elkarlaneko gobernantza eredu batekin. Politika publikoak jendearen arazoei lehentasuna ematera eta egunerokotasuna hobetzeko irtenbideak bilatzera bideratuko dituzten gobernuak proposatzen ditugu. Herri hau merezi duen lekura zuzendu behar da, eta hori EH Bilduk bakarrik egin dezake».