Bilkideek eta EH Bilduren erroldan izena emanda dauden pertsonek Europako hauteskundeetarako Mahai Politikoaren proposamena berretsi dute. Indarrean dagoen legealdian eurodiputatu izan den Pernando Barrena buru duen zerrenda proposamenak ostegunean hasi eta atzo amaitu zen bozketan emandako botoen % 96,22 eskuratu du. Proposamenak aurkako % 1,98 boto izan ditu, eta % 1,8k boto zuria eman du.
Ezker subiranistako hainbat pertsona ezagun izango dira Pernando Barrenarekin batera Europako hauteskundeetarako zerrendan: Oskar Matute Kongresuko diputatua, Bakartxo Ruiz Mahai Politikoaren eta Nafarroako Parlamentuko taldearen bozeramaile ohia eta Oihana Etxebarrieta Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren bozeramailea.
Euskal gizarteko beste pertsona esanguratsu batzuk EH Bilduren zerrendan izango dira ekainaren 9an egingo diren Europako hauteskundeetan. Besteak beste, Xabi Solano musikaria; Endika Guarrotxena Athletic Clubeko futbolari ohi eta Zaporeak elkarteko kolaboratzailea; Andrea Rui-Wamba Aita Mari itsasontziko ekintzailea; Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz taldearen sortzaile eta bozeramailea; eta Pili Garmendia Samaniegoko alkatea.