AKTUALITATEA

Ekonomia | 2023-12-11

EH Bilduren Mahai Politikoak ohiko bilera egin du, gaur goizean, Donostian, eta bertan erabaki du Pello Otxandiano proposatzea lehendakarigai gisa. Halaber, hauteskundeetarako prozesura osoa abian jartzea erabaki du. Hilaren 18an, 19an eta 20an hauteskundeetarako prozedura osoa kudeatuko duten barne organoak berretsiko dituzte bilkideek. Era horretara, prozedura horren barruan EH Bilduren oinarriek berretsi egin behar dute Mahai Politikoak lehendakarigai izateko proposamena. Arnaldo Otegi koordinatzaile nagusiak eman du proposamenaren berri, hedabideen aurrean egindako agerraldian.

Otegik azaldu duenez, Mahai Politikoak erabaki du lehen aldiz EH Bilduk hiru hautagaitza proposatzea: lehendakarigai izateko, bozeramaile izateko eta Parlamentuko presidentzia hartzeko. “Lehen aldia da egiten duguna uste dugulako talde baten irudia ematea ezinbestekoa delako”.

Oso testuinguru berezian egingo dira EAEko hauteskundeak, Otegiren hitzetan. “Estatua lurralde auziaren eztabaida irekiko da eta 78ko erregimena krisian dago. Agenda plurinazionala mahai gainean egongo da, eta arazo nazionalari irtenbidea eman beharko zaio. Horrez gain, erronka handiak ditugu krisi klimatikotik inteligentzia artifizialerako. Egungo gobernantza eta aliantza eredu agortuak eta politika publiko agortuak daude EAEn”. Zehaztu duenez, “kriterio pertsonalak ez ditugu aintzat hartu, solbentzia eta rigorea baizik proposamen sendoak egiteko. Epe ertain-luzeko apustua egin dugu belaunaldi berrien balioekin bat etortzeko”.

“Inbertsio kualitatiboa egitea deliberatu dugu Pello Otxandiano hautagai moduan jarrita”, azpimarratu du Otegik. “Telekomunikazioan ingeniaria eta doktorea da, euskalduna, Euskal Herriarekin konprometitua eta bi alaben aita da. Zer eskaintzen dio Pello Otxandianok gure hautagaitzari beste talde zabal batekin? Solbentzia, ziurtasuna, konpromisoa, arima eta pasioa. Jakintza, sendotasun intelektuala, solbentzia termino guztietan eta pasioa eta arima Euskal Herriarekiko. Horiek dira bere bertuteak.

Pello Otxandianoren soslaia:

Otxandio, 1983

Telekomunikazio ingeniaritzan doktorea


Pello Otxandiano euskararen bultzadarekin lotura handia duen familia abertzale baten baitan hazi da. 1936ko uztailaren 22an bere jaioterria bonbardatu zuen, eta birraitona eta amonaren bi anaia hil egin ziren. Bonbardaketa hori mugarri bat izan zen bere familiarentzat, eta horrek hurrengo bi belaunaldien bilakaera eta ikuspegia markatu ditu.

Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta sozialarekin politikoki konprometitutako familia eta gizarte-ingurune batek markatu zuen bere pentsamendu politikoa gazte-gaztetatik. Agirre lehendakariaren irudia amonaren etxeko aretoan, frankismoaren aurkako erresistentziaren oihartzuna, lehen Korrikaren historia, zeinetan amaren osaba antolaketaren parte izan zen edo euskal kulturarekiko eta gurasoen munizipalismoarekiko konpromisoak eragina izan zuten haren pentsamenduan eta bizitzan.

2011n, Bildu jaio zenean, ingeniaritza ikasketak amaitzearekin batera Otxandiano zinegotzi aukeratua izan zen bere jaioterrian. 2012an doktore-tesia aurkeztu zuen, Mondragon Unibertsitateko lau urtetako eta Suediako Göteborg hiriko Chalmers University of Technology-ko urtebeteko ikerketaren emaitza izan zena. Doktorego-egonaldi horretan, Eskandinaviako herrialdeak, haien ezaugarri sozial eta ekonomikoak eta politika publikoak gertutik ezagutzeko aukera izan zuen.

Behin ikasketak amaituta, 2010eko hamarkada hasierako testuinguru politiko bereziarekin konprometitzeko beharra sentitzen du Otxandianok, garai horretan fase historiko bat itxi eta berria finkatu behar baita. Bere ibilbide profesionalean parentesi bat egitea eta ezker independentistako zuzendaritza lanetan hastea erabakitzen du. Hortik hasi zen EH Bilduko Programa Zuzendari gisa, eta ekarpen kualitatiboa egin zuen politika publikoekin lotutako proposamen estrategikoen diseinuan. Lan politiko horren ondorioz, gure herrialdeko eskualde bakoitza zeharkatu eta ezagutu du.

Bere gaur egungo pasioa prestakuntza teknologikoa bokazio politikoarekin uztartzea litzateke, Adimen Artifiziala edo Blockchain bezalako teknologia disruptiboen aplikazioan lan egitea,  eraldaketa sozial eta ekonomikoko prozesuak bultzatzen dituzten politika publikoetan. Ez dio uko egiten etorkizunean egiteari.

Musikazalea (pianoa modu autodidaktikoan ikasten du) eta mendizalea. Bere familia, liburu pila bat beti gertu, bizitzeko pribilegioa duen ingurune naturala eta Otxandioko bizitza komunitarioa dira bere bizitza egituratzen dituzten osagaiak.