AKTUALITATEA

| 2021-09-23

EH Bilduren bultzadari esker, Legebiltzarrak Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarreraren eskualdatzea osorik eta lehenbailehen gauzatu dezatela eskatu die Jaurlaritzari eta Gobernu espainolari, transferentzia horrek Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren sistema indartzea, pobrezia eta bazterkeriari aurre egitea eta gizarte kohesioan aurrera egitea ahalbidetuko duelakoan.

Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarreraren gaineko eskumenak Jaurlaritzaren eskuetan behar zuen 2020ko urriaren 31z geroztik eta oraindik ez dago transferentzia gauzatzeko konpromiso argi bat Gobernu espainolaren aldetik, gogorarazi du Nerea Kortajarenak. Gainera, ohartarazi duenez, atzerapen hori “babes sozialaren eremuan Lakuak dituen funtzioak murrizten ari da praktikan eta prestazioen kudeaketa kaotikoa izaten ari da onuradunentzat”. Hori dela eta, EH Bilduko legebiltzarkideak egoera desblokeatu beharra azpimarratu du eta, horren ildotik, gaur EAJ, PSE eta Elkarrekin Podemos-IUrekin sinatutako akordioa garrantzitsua dela erantsi du, “Jaurlaritzaren posizioa indartu ahalko duelako Madrilen, negoziazioan”.

Kortajarenak azaldu duenez, Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarreraren transferentziak berebiziko garrantzia du une honetan, milaka familia eta pertsonaren segurtasun bitala hankaz gora dagoelako pandemiaren ondorioz. Hala, Lakuak emandako datu ofizialen arabera, Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren eskatzaile kopurua %35 igo zen iaz, Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan herritarren %20 pobrezia egoeran bizi dira, pobrezia larrian erortzeko arriskuan daudenak igo dira eta arrakala soziala gero eta sakonagoa da. Kortajarenaren iritziz, “datuek gure babes sistemak pobrezia murrizteko dituen gabeziak erakusten dituzte”.

Hori horrela, “Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarreraren eskualdatzea aukera leiho bat da gure babes sistema trinkotzeko eta indartzeko, Diru-Sarrerak Bermatzeko Sistema garai eta behar berrietara egokitzeko eta, finean, jendea gehiago eta hobeto babesteko”.

EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, auzi hau Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarreraz harago doa, Gizarte Segurantzaren transferentziaren aurrekaria izan beharko lukeelako, lehenengo urrats bat enplegu politika pasiboak eta, oro har, Gizarte Segurantza eskualdatzeko”.

Bukatzeko, Kortajarenak Bizitzeko Gutxieneko Diru-Sarreraren auzia Estatus Politiko Berriari buruzko eztabaidan txertatu du, oso modu argian erakusten duelako Estatus Berria premiazkoa eta lehentasunezkoa dela “gure instrumentu propioak edukitzeko, gure errealitate sozioekonomikoari eta bizitza mailari egokitutako tresnak eta eskumenak edukitzeko, pertsonak babestu, bizitza duinak bermatu eta, oro har, herri gisa ditugun erronka kolosalei bermez aurre egin ahal izateko”.