AKTUALITATEA

| 2022-02-22

Rebeka Ubera osasun gaietarako osasun idazkariak eta legebiltzarkideak agerraldia egin du, gaur goizean, Donostian, Osakidetzako sindituek hurrengo egunetarako deitutako mobilizazioekin bat egiteko eta Osakidetzaren egoeraz aritzeko.

Agerraldiko testua:

Aurreko astean Nafarroan ikusi genituen osasun sistema publikoaren egoera salatzeko mobilizazioak. Hurrengo egunetan, EAEn mobilizatuko dira sindikatuak, Osakidetzaren egoera salatzeko. COVID-19aren pandemiak Osakidetzak dituen gabeziak inoiz baino ageriagoan utzi dituen arren, eta gabezi horietan sakondu duen arren; momentu honetan, Osakidetzan gertatzen ari dena ez dela berria gogorarazten diguten mobilizazioen eta greben aurrean gaude.

Agerian geratu da Osakidetzak urteetan erantzunik izan ez duten egiturazko gabeziak dituela. Herritarron osasun arretaren kalitatea okertzea eta osasun sistema publikoaren desmantelamendu iraunkorra gauzatzen ari da. Denbora luzez, osasun profesionalen gain-esfortsuari esker, mantendu da kalitatezko osasun arreta, osasun arretarako sarbidea, kontsulta presentzialetarako irisgarritasuna… Baina jada gain-esfortzuak goia jo du, ezin da denboran gehiago luzatu. Beraiek bakarrik ezin diote Osasun Sistema Publikoari eutsi.

Osasun Arloko Profesionalek dagoeneko ez dituzte Jaurlaritzaren errekonozimendu eta esker hitz gehiago behar. Baliabideak, planifikazioa eta berrantolatzeko neurriak behar dituzte. Osasun Sailaren aldetik, Jaurlaritzaren aldetik, erantzunak, baliabideak, planifikazioa eta berrantolatzeko politikak behar dituzte.

Horregatik, agerraldi honen hasieran, hasteko gure babesa eskaini nahi diegu Osasun Publikoaren defentsan, guztion osasuna zaintzen diharduten profesionalei; Inor atzean ez uzteko, herritar guztiok behar dugunean, osasun arreta azkar, garaiz eta denboran jaso dezagun. Eta adierazi nahi dugu EH Bildu ere hor egongo dela, sindikatuek deitu dituzten mobilizazioetan Osasun Sistema publikoaren defentsan.

Dagoeneko ukaezina da reseteo urgente bat behar duela gure Osasun Sistema Publikoak.

Beraz, Osakidetzan gertatzen ari dena ez da kasualitatea edo ez da pandemiaren ondorio. Osakidetzan gertatzen ari den gainbehera, osasun sistema publikoaren desmantelamendu saiakerak, erantzuleak ditu, izen-abizenak ditu eta politika jakin batzuen ondorio zuzena da. Osakidetza zaurituta dago, eta ez du COVID-19ak zauritu. EH Bilduk herritarren aurrean konpromisoa hartzen du osasun sistema publikoaren aurkako politika ilun horiek geratzeko lanean jarraituko duela eta Osakidetzak inoiz galdu behar ez zuen estatus soziala berreskuratzeko jardunean buru-belarri inplikatuko dela.

Eta lehentasunak ere argi ditugu:

Batetik, kalitatezko osasun arreta eskaini nahi badugu, lehenengo baldintza lehen arreta indartzea eta bertan diharduten profesionalen lan baldintzak hobetzea da. Gure lehentasun nagusienetako bat izan zen aurrekontuen bueltako solaskidetzan eta 30 miloi gehiago lehen arretara bideratzea lortu genuen kontsulta presentzialak bermatzeko egitasmoarekin. Argi dugulako lehen arreta indartzeko unea dela eta ez murrizketa gehiagorako momentua.

Eta hori indarrean jarri behar da orain. Azkar eta ondo, Osakidetzak eta bere profesionalek bizi duten egoera kritikoak ezin dutelako itxaron. Hurrengo egunetarako sindikatuek deitutako mobilizazioak dira horren adibide.

Guk Lehen arretako desmantelamentuari aurre egiteko proposamen zehatzak ditugu, besteak beste, lehen arretako plantila igotzeko, plantila egonkortzeko, egoiliarrak lehen arretan geratzeko, lehen arreta desburokratizatzeko edo mediku faltari erantzuteko, baina, datozen egunetan Sindikatuekin bilduko gara berriz ere, ronda bat egingo dugu beraiekin, egoera ebaluatzeko , kontraste bat egiteko, momentu honetan ezinbestean hartu beharreko neurriei buruz hitzegiteko eta lehentasunak markatzeko. Eta saiatuko gara ere, noski neurri horiek sustatzen.

Bestetik, Legebiltzarrean ostiralean aurkeztu genuen ekimen bat Osakidetzako plantila estrukturala handitzeko eta egonkortzeko. Hasteko, 3.000 lanpostu berri gehitzea proposatzen dugu plantila estrukturalera. Eta horrez gain, azterketa bat egitea, lan zamak baloratuz, kode horiez gain, egiturazko plantilan gehitu beharko litratekeen lanpostuak identifikatzeko. Halaber, eskatzen genuen ere, uztailean sindikatuekin sinaturiko akordioa, Lanbide Garapenarena betetzea.