AKTUALITATEA

| 2023-09-12

EH Bilduren ustez, bere alderdiak EAJrekin, PSErekin eta talde independenteekin lortutako akordioari esker, ordezkaritza orekatuagoa egongo da Eudelen hurrengo legealdian. Akordio horrekin, Azpeitiko alkatea, Nagore Alkorta, Eudeleko lehen lehendakariordea izango da. Alkortarekin batera, euskal ezker subiranistako hainbat ordezkari izango dira Eudeleko zuzendaritzan: Iñigo Hernando (Galdakao), Xabier Lertxundi (Hernandi), Txelo Auzmendi (Asparrena), Izaro Elorza (Oñati) eta Eneritz Azpitarte (Zaldibar).

Onintze Oleaga EH Bilduko udal politikako arduradunaren ustez, akordioari esker, Eudelen ordezkaritza orekatuagoa lortzeaz gain, eta betiere alderdi bakoitzak azken udal hauteskundeetan lortutako emaitzetan oinarrituta, aurrerapausoa eman daiteke udalen interesen defentsan. "Onuragarria izan daiteke, udal guztiek batera lan egin ahal izango baitute beren erakundeak beste erakunde handiago batzuen aurrean defendatzeko".

Bestalde, Oleagak nabarmendu du EH Bilduk berebiziko garrantzia ematen diela udalei eta udalek herritarrei zuzendutako eskubideak eta zerbitzuak zabaltzeko eta defendatzeko egiten duten lanari. "Udalak dira pertsonen egoera ondoen ezagutzen duten erakundeak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direlako. EH Bilduk lanean jarraituko du herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoak hobetzeko eta zabaltzeko, udaletatik hasita". Ildo horretan, nabarmendu duenez, "legegintzaldi honetan udalen finantzazioa lehen lerrora igaro behar dela uste dugu, eta udalekin batera aztertu eta adostu beharko da udal-finantzaketarako beste eredu bat". Gaineratu duenez, "legegintzaldi honetan euskal udal erakundeen gainerako elkarteekin harremana eta lankidetza proposatuko dugu lan-ildo gisa".