EH Bilduk uste du eraginkortasun energetikoari buruzko eztabaidak hanka pausoa aldatuta hartu duela Jaurlaritza


2022-08-04

Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren artean eraginkortasun energetikoaren eztabaidaren inguruan sortu den ika-mikak agerian uzten du eztabaida horrek hanka pausoa aldatuta hartu duela Arantxa Tapiak zuzentzen duen saila. EH Bildu beti agertu da ildo horretan neurriak lehenbailehen aplikatzearen alde. Horren erakusgarri da duela hilabete batzuk Eusko Legebiltzarrari helarazi zion interpelazioa, Jaurlaritzak hasieran gutxietsi egin zuena, orain erabiltzen ari den aitzakia berberarekin, hamarkadak daramatzatela arlo horretan lanean. Ezker subiranistaren ekimenez hasi zen EAEn eraginkortasun energetikoaren proposamena lantzen, eta ez Tapia sailburuaren borondate edo ekimenagatik.

EH Bildu beti izan da energia eraginkortasunera eta kontsumoa murriztera bideratutako neurriak bultzatzearen aldekoa, klima aldaketaren aurkako borrokan funtsezko elementua delako. Sortutako egoera berrian, neurrien helburua energia hornidurarik ezari ere aurre egitea da. EH Bilduk neurri estrukturalak (eraginkorrenak) eta premiazkoak (orain Europar Batasuna eta estatu kideetako gobernuak bultzatzen ari direnak) defendatzen eta bultzatzen ditu. Horregatik, proposamenak lantzen eta aurkezten ditu erakundeetan, eta proposamen horiek ez dituzte beti aintzat hartzen Eusko Jaurlaritzak eta hura osatzen duten alderdiek.

Azkenik, EH Bilduk uste du energia gastua kontrolatzeko neurriak egon behar direla, Tapia sailburuak ez bezala. Energiaren prezio altua energia kontsumoa kontrolatzera bideratutako neurria bada, baina neurri hori guztiz insolidarioa da; izan ere, baliabideak dituztenek mugarik gabe ordain dezakete, eta ez dituztenek, ordea, ezin dira sarritan ordaintzera iritsi. Egoera hau gertatzen ari da. Baliabide gutxien dituzten pertsonak aspaldi ari dira eraginkortasun energetikoko neurriak praktikan jartzen, baliabide ekonomiko gutxi dituztelako. Era berean, Tapia sailburuari gogorarazi dio baietz, egiturazko neurriak direla eraginkorrenak, baina galdetu dio ea non dauden Eusko Jaurlaritzaren neurri horiek.