EH Bilduren talde parlamentarioa Eusko Jaurlaritzarekin bildu da lehen aldiz, aurrekontuak onartzeko negoziazioari begira. EH Bilduren ordezkaritzaren buru Maddalen Iriarte izan da, eta aurrekontuak politika publikoak herri erronka estrategikoekin lerrokatzeko aukera direla esan du.
Maddalen Iriarteren adierazpenak Pedro Azpiazu Ogasun sailburuarekin izandako bileraren ostean:
Sailburuarekin bildu aurretik esan dizuedan bezala, aurrekontuen eztabaida hau ezohiko une batean iritsi da, eta hurrengo hamarkadan eraldaketa ikaragarriei ekin beharko diegu: trantsizio ekologikoari, digitalari eta demografiko-sozialari.
2022ko aurrekontua aukera gisa ikusten dugu politika publikoak herri gisa ditugun erronka estrategiko horiekin eta jendearen beharrekin lerrokatzeko.
Aukera bat da herri honek behar dituen gutxieneko akordio politikoak ehuntzeko.
Sailburuari helarazi diogun proposamena ildo horretatik doa. Errealismoan eta sen onean oinarritutako proposamena da.
Erronka estrategiko horiei aurrea hartzeko konpromiso politikoak hartzeko garaia da.
Horixe eskatu diogu: konpromiso politikoak hartzea Espainiakotik bereizitako gutxieneko soldata baterantz aurrera egiteko. Nafarroan adostu dugun gauza bera planteatzen dugu. Patronalak berak ere onartzen du Estatu osorako gutxieneko soldata bera ez dela egokiena.
Era berean, zerga-erreformari ekiteko eta alokairuaren prezioak arautzeko konpromiso politikoa eskatzen dugu.
Aurrekontuan eragin zuzenik ez duten konpromiso politikoez gain, neurri ekonomikoak ere planteatzen ditugu. Guztira, 118 milioi euro mugitzeko asmoa dugu. Batzuk aipatzearren:
• Osakidetzan Lehen Mailako Arreta indartzea,
• Larrialdi klimatikoaren aurkako politikak erabakitasunez bultzatzea,
• Negu honetan berogailua pizteko bizilekuak izango dituzten familientzako laguntzak handitzea, energiaren prezioaren igoeragatik
• Aurtengo aurrekontua pobreziaren aurka mantentzea. Ezin da aurreztu baliabide gutxien dituzten pertsonen kontura.
• Adinekoen egoitzetan bizi eta lan baldintzak hobetzea.
Esan bezala, proposamen errealistak eta zentzuzkoak dira guztiak. Pandemiak hor jarraitzen du, eta sen on hutsa da gizarte eta osasun politikak indartzea.