AKTUALITATEA

| 2020-02-11

EH Bilduk ez die Urkullu lehendakariari eta bere gobernuari utziko hauteskundeen aurrerapena eta horren ondoriozko Legebiltzarraren desegitea ihesbide gisa baliatzen Zaldibarko zabortegiko ezbeharrean dituzten erantzukizunak saihesteko. Hala, Mikel Oterok atzo bertan iragarritakoari jarraituz, EH Bilduk Urkulluren agerraldi eskaera aurkeztu du formalki Legebiltzarrean, bertako Diputazio Iraunkorrean azal dezan zer nolako kudeaketa egin duen Jaurlaritzak Zaldibarko zabortegian pasa den osteguneko ezbeharraren aurretik eta ondoren. Urkulluk aurpegia eman behar du, gertaera horrek ardurak berehala garbitzea eskatzen duelako eta zehatz-mehatz azaldu behar duelako nola izan den posible horrelako zerbait gertatzea Ingurumen Sailak duela hilabete asko egiaztatu baldin bazuen zabortegi horretan irregulartasun larriak egiten ari zirela arloko araudia betetzeari zegokionean.
Egunak pasa ahala gero eta argiago dago Urkulluren Gobernua utzikeriaz aritu dela eta ez dituela bere ardurak behar bezala bete, eta horren emaitza begien bistakoa da: bi langile desagerturik eta ingurumen kalte larriak inguruan. Eta eskandalua handitzeko, lidergo eta enpatia falta nabarmena erakutsi dute bai lehendakariak, bai sailburuek. Zaldibarkoa ez da hondamendi naturala izan, gaizki egindako gauza askoren ondorioa baizik. Izan ere, zabortegiaren jabeek ez dute ingurumen arloko araudia bete eta EAJ-PSE Gobernuak huts egin du kontroletan, zabortegiari zabalik jarraitzen utzi diolako irregulartasunak ezagutzen zituen arren.