AKTUALITATEA

| 2021-04-29

Urtero bezala, EH Bilduk bat egingo du sindikatuek deitutako mobilizazioekin eta parte hartze aktiboa izango du. Euskal ezker subiranistak uste du langileen aldarrikapenak inoiz baino indarrean daudela, eta herritarrak animatu nahi ditu, beti ere osasun-neurriak errespetatuz, Maiatzaren Lehena hau lan eta bizi baldintza duinak esateko eta eskatzeko erabiltzera.

Pandemiak eta horren ondorioz sortutako krisi ekonomiko eta sozialak areagotu baino ez dute egin gure herrialdeko eta, oro har, munduko langileen eskubideen galera eta lan baldintzen okertzea. EH Bilduk uste du aldaketa beharrezkoa dela gehiengoaren interesak erdigunean jartzeko, eta ez kapitalarenak; aldaketa beharrezkoa dela langileriaren interesak kapitalaren interesen aurretik jartzeko. Langileei eskubideak kentzen dizkien eta planetako baliabideekin amaitzen ari den sistema agortzen ari da.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk uste du inoiz baino beharrezkoagoa dela helburu komun baten inguruan antolatzea eta gizarte iraunkor bat lortzea, pertsonek bizi proiektu duinak garatu ahal izateko eskubideak eta baldintza guztiak izan ditzaten.