AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-04-02

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaiak politika ekonomiko eta industrialari buruzko proposamena aurkeztu du gaur goizean Bilbon. Komunikabideekin izandako gosari batean, Otxandianok nabarmendu du «garapen eredu zaharkitu batetik XXI. mendeko politika ekonomiko batera» pasatu behar dela.

Osakidetza zutik jarri eta etxebizitzarako sarbidea bermatzeko proposamenak aurkeztu ondoren, gaur EH Bilduko lehendakarigaiak aurkeztu duen hirugarren proposamen txanda izan da: industria politika ekonomikoari buruzko proposamena. Otxandianoren esanetan, klima aldaketaren testuinguruan, ekonomia deskarbonizatu, digital, zirkular eta askoz birbanatzaileago baterantz jo behar dugun testuinguruan, herri hau atzean geratzen ari da; izan ere, «Europako eta munduko testuinguruan politika ekonomikoen norabide berria eta industriaren aldeko bultzada publikoa gero eta herrialde gehiagoren lehentasuna da». Kontrara, «hemen egin den politika ekonomikoak ez du garai honetan zentzurik, garapen eredu zaharkitu batean oinarritu baita, eta errentagarritasun sozial gutxikoa da. Kontrako norabidean arraun egin da», adierazi du.
 


Otxandianoren hitzetan, «amaitu gabeko proiektuak edo promes itxurako 3D maketak baino ez ditugu aurkitzen». Ildo horretan, adibide gisa jarri ditu AHT, Hegoaldeko Trenbide Saihesbidea edota, denboran hurbilago dauden Guggenheim Urdaibai eta Lamiakoko ibai azpiko tunela. «Atzean utzi behar da aukerak galtzera eta testuinguru berrira egokitzea zailtzen gaituzten inertziak. Funtsezkoa izango da lehentasunak ondo ezartzea».

EH Bilduren lehendakarigaiak adierazi du inflexio puntu bat egiteko aukera dugula, industriari bultzada publikoa emateko. Hala, balio erantsi handiko eta lurraldean ongi errotutako industriadun herrialdea izateko, politika publiko proaktiboa behar dela adierazi du. «Sektore publikoak lidergoa eta izaera proaktiboa izan behar du, tresnak eskuratu behar ditu eta enpresen posizionamendua hobetzeko funtsezko arloetan jardun behar du. Erabakiguneak hobetu eta mantentzeaz edo deskarbonizazioaren erronkari aurre egiteaz gainera». Otxandianok esan du Eusko Jaurlaritzak «rol protagonista" izan behar duela eta "lidergo publikoa berreskuratu» behar duela. Hala, Euskaltelen, Gamesaren eta Ibermaticaren kasuak ekarri ditu gogora, besteak beste.
​​


«Berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustu irmoa egin behar da», adierazi du Otxandianok, «aldez aurretik eta modu estrategikoan lan eginez. Horretarako, ezinbestekoa da zientzia, berrikuntza eta teknologiaren sarea indartzea». Era berean, finantza sistema indartzearen aldeko apustua egin du, «aurrezki publikoa gizarte-beharretara eta inbertsio produktiboetara bideratzeko aukera emango diguna».

Azkenik, Otxandianok uste du Lan Harremanen Euskal Esparru bat eratu behar dela, «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errealitate sozialari erantzungo dion eta eredu parte-hartzailea sustatuko duen Euskal Enpresa Eredua bultzatzeko».