AKTUALITATEA

| 2023-12-27

Hainbat komunikabidek argitaratu dutenaren arabera, BAT, MUGI eta BARIK txartel ez pertsonalizatuak dauzkaten erabiltzaileak %20 deskontutik kanpo geratuko dira. Hori guztia argitzeko, hiru Batzar Nagusietan arloko diputatuen agerraldiak eskatu dituzte EH Bilduren Batzarkide Taldeek.

Kezka handiz jaso du EH Bilduk txartel ez pertsonalizatuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako instituzioen %20ko deskontuetatik kanpo uzteko balizko erabakia. Izan ere, holako erabiltzaileak, askotan errenta baxuko pertsonak dira, eta txartel pertsonalizatua eskuratzeko arazoak dauzkate.  Pertsona horiek deskontu gabe geratzea bidegabea deritzo ezker subiranistak. Ekimen hori baieztatuko balitz, ekimen hartuko du instituzio guztietan, deskontu guztiak pertsonalizatu gabeko txarteletara zabaldu daitezen.

Gainera, ekimenaren atzean inkoherentzia politikoa eta iruzur soziala ere antzematen ditu EH Bilduk, harrabotsez iragarritako erabaki politikoen desitxuratze larria baita. Bestaldetik, eta klima aldaketaren kontrako borrokaren baitan mundu guztiak sustatu nahi omen duen garraio publikoaren erabilera kaltetzen duen erabakia ere bada.

Horregatik, gaur bertan hiru Batzar Nagusietan arloko foru diputatuen agerraldia eskatu du EH Bilduk. Batetik, informazio hori egiaztatu edo ezeztatu dezaten, eta, informazioa egiazkoa izanez gero, egin nahi duten bidegabekeria zuzentzeko ekimenak plazaratzen  hasteko.