AKTUALITATEA

Ekonomia | 2024-04-09

Xabier Luke Gipuzkoako hautagaiak instituzioek «etxebizitza duin baterako eskubidea bermatzeko obligazioa» dutela azpimarratu du gaur, besteak beste, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eskubide hori 2015ean onartutako «Etxebizitza Legean jasota dagoelako», besteak beste. Hala ere, salatu du, Legeak dioenaren kontra, «gaur egun eskubide hori ez da bermatzen eta jende gehiegi dago etxebizitza duin bat eskuratu ezinda, eta are larriagoa dena, oso zaila da arrazoizko prezio batean eskuratzea». Hori dela eta, «etxebizitza eskuratzea bermatu beharreko oinarrizko eskubidea» dela oso argi edukita, hautagaiak salatu du «etxebizitza eskubidearekin eta gazteen bizitza proiektuekin Monopolyan jolasten duten gobernuak ez direla onargarriak», eta EH Bilduren konpromisoa berretsi du «etxebizitza eskubidea eta gizarte kohesioa bermatuko dituzten politika publikoak bultzatzeko eta etxebizitzarekin negozioa egitea eragozteko». Lukek kanpainako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok, Galdakaon, bertako alkate Iñigo Hernandorekin batera.

Ohartarazi duenez, «gaur egun etxebizitza larrialdi egoeran bizi gara, egoera zaurgarrian dauden herritarrek etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunak dituzte, gazteak emantzipatu ezinda daude eta, oro har, ohiko diru-sarreren zati handiegia bideratu behar da etxebizitza gastuei aurre egitera». Hortaz, «etxebizitza eskubidea negozio iturri bilakatu duten testuinguru honetan, gizarte kohesioa bermatzeko politikak behar» direla azpimarratu du, «erakunde publikoetatik egindako politikek aurrez aurre ditugun gizarte erronkei erantzuteko balio dezaten, emantzipazio arazoari, zaintzen krisiari, segregazioari edota gizarte bazterkeriari, besteak beste».
 


Horren ildotik, etxebizitzaren arazorik dagokionez, Lukek bi eremutan eragiteko neurriak planteatu ditu, batetik, etxebizitzen prezioa murrizteko; bestetik, eskaintza areagotzeko. Salneurria eta alokairuen prezioa murrizteko, ondorengo neurri zehatzak hartzea proposatu du: «Tentsio handiko eremuak izendatu eta erreferentziazko prezio indizeen sistema ezartzea, espekulazioa eta putre funtsak geldiaraztea, pisu turistikoak mugatzea, zerga politika baliatzea eta prestazioen sistema gainditzea».

Etxebizitza eskaintza areagotzeko, berriz, honako neurriak proposatu ditu: «Eraikita dauden etxebizitzak eraberritzea; hutsik dauden etxeak merkaturatzea; etxebizitza merkeak lehentasunez erosteko eskubidea ezartzea, parke publikoa handitzeko; hirigintzako neurrien bidez alokairua sustatzea, eta sektore pribatuaren eta publikoaren arteko harreman orekatuago bat sortzea».

Xabier Lukerekin batera, Galdakaoko alkate Iñigo Hernandok ere parte hartu du ekitaldian, eta EH Bilduk etxebizitzaren arloan egiten dituen proposamenak egingarriak direla eta emaitza onak ematen dituztela nabarmendu du, bere udalerrian, Galdakaon bertan, hala frogatu dutelako. Izan ere, «Alkatetzara heldu ginenetik gizarte larrialdietarako etxebizitza kopurua bost aldiz handitu; etxebizitza hutsen inguruko azterketa egin dugu eta etxebizitza aholkularitza bulegoa martxan jarri dugu; alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak sortu ditugu, herri osoan ez baitzegoen mota honetako etxebizitzarik, eta zuzkidura bizitokien proiektu bat aurrera eraman dugu eta, horri esker, herriko gazteentzat alokairu baxuko 42 etxebizitza eraiki ditugu, guraso bakarreko familientzat 16, eta mugikortasun urriko pertsonentzat beste bi. Argi dugu zein den bidea: hirigintza politikak pertsonengan zentratuta egotea».
 


​