AKTUALITATEA

| 2022-04-04

EH Bildu Iñigo Urkullurekin bilduko da bihar, lehendakaria euskal alderdiekin egiten ari den bilera errondaren barruan. Ainhoa Beola EH Bilduko politika instituzionaleko arduradunak agerraldia egin du, gaur goizean, ezker subiranistak bilerara eramango duen jarrera azaltzeko. Beolak adierazi du prest daudela akordioak lortzeko, eta neurri ausartak eta egiturazko aldaketak eskatuko dituztela behin-behinekoa ez den krisiari aurre egiteko.

Agerraldiko testua osorik:

Gerrak eta horren ondorioek larria zen egoera are gehiago larriagotu dute eta, beraz, ikuspegi dual bat behar da eredu energetiko, ekonomiko eta sozialaren egiturazko eraldaketari aurre egiteko. Aldi berean, neurri aringarriak aktibatzeko unea da, herritarren ongizate sozial eta ekonomikoaren galerari aurre egiteko. Lehenengoa izango da epe ertain eta luzerako bizi baldintza duinak ziurtatzeko modu bakarra. Bigarrena, eraldaketa hori gertatzen den bitartean aktibatu beharreko babes ezkutua.

2008tik aurrera etorritako krisiek, Covidak eta Ukrainako gerrak eragin dituzten ondorio kaltegarrienak jasaten ari dira herritarrak, familiak eta gure herrialdeko produkzio sarea. Ondorioak nabariak dira: gure bizitzaren prekarizazioa, soldaten debaluazioa, ehunka enpresa txikiren itxiera, lehen sektoreko ekoizle txikien suntsiketa edo euskal arrantza flotaren desegitea. Eta baita emigratzera behartuta dauden gazteekin ezagutzaren eta eskulan kualifikatuaren ihesak eragin dituzten ondorioak. Gero eta gehiago dira hilabete amaierara nekez irits daitezkeen emakume eta gizonak, ustekabeko gastuari aurre egiteko gai ez direnak.

Egungo egoeraren larritasunak jarduketa lehentasunak eta baliabideak nora bideratu birpentsatzera behartzen gaitu. Aldaketa handia egin behar da euskal politika publikoetan, eta egiten ari diren inbertsioak berriro ebaluatu behar dira; izan ere, egoera ekonomiko eskasean gaude, eta trantsizioei ekiteko eta gure gizarte egiturak aro berrira egokitzeko inbertsio eta gastu publikoaren beharrak handiak izango dira.

Baina, horrez gain, erakundeok herri estrategiak adostu behar ditugu, norberarengandik abiatuta, egiturazko egoera bihurtzen ari den hau iraultzeko. Oker dago egoera honi neurri aringarriekin aurre egin dakiokeela uste duena. Egiturazko aldaketak behar dira. Eta horretarako, industria, ekoizpen, energia eta gizarte estrategietan oinarritutako politika publikoak diseinatu behar dira, gure herria errealitate autosufiziente, kolaboratibo eta ekitatibo baterantz bideratzeko.

Hauxe da, esan bezala, familiei eta enpresei izugarri eragiten dien krisiari aurre egiteko erakundeetan aurkezten ari garen neurrien jarduera ildoa. Dakizuenez, bihar bilera dugu Iñigo Urkullurekin, lehendakaria EAEko alderdiekin egiten ari den bilera errondaren barruan. Bilera horretara hemen azaldu ditugun jarduera ildo berberak eramango ditu EH Bilduk.

Lehendakariak ezin ditu pandemian egindako akatsak berriro errepikatu, eta bilera erronda hau ezin da argazki soil batean geratu. Ezin da mugatu berak bezala pentsatzen dutenak entzutera. Herri honetako alderdiek, enpresaburuek, sindikatuek, unibertsitateek eta hainbat eragilek parte hartuko duten mahai edo foro bat sustatzeko beharra azpimarratzen dugu, bizi dugun krisiari irtenbiderik onena bilatzeko. Krisi honetatik ateratzeko akordioak lortzeko beharra azpimarratzen dugu.

Elkarrizketa eta akordioak lortzeko borondatea izateaz gain, inbertsio publikoak euskal gizartearen beharrak asetzera bideratzeko unea da, eta ez kontu publikoak gizentzera. Eusko Jaurlaritzak 1.800 milioi euro ditu gerakinean. Justifikaezina da krisi sanitario eta sozioekonomiko betean gerakin hori metatu izana. Asteotan egiaztatu ahal izan dugu ezinezkoa zela esaten zigutena, energiaren prezioa aldatzea adibidez, posible dela borondate politikoa dagoenean. Beraz, aitzakiek ez dute balio.

Urkulluk badaki, euskal herritarrek dakiten bezala, EH Bildu akordioak lortzeko prest dagoela. Baina akordio ausartak behar dira, bizi dugun egiturazko krisiari erantzun ahal izateko egiturazko aldaketak jasoko dituena. Akordio horiek, alde batetik, euskal familiek eta enpresek bizi duten larrialdi egoera arintzera bideratuta egon behar dute, eta, bestetik, herri honek behar dituen egitura aldaketak abian jartzera. Berriro diogu: egoera hori egoeraren araberakoa dela eta neurri aringarri hutsekin konponduko dela uste duena oker dago.

Egoera zail hau aprobetxatu behar dugu etorkizunerako herri estrategiak adostera eramango gaituzten akordioak bilatzeko. Urteak daramatzagu eskatzen eta entzuten, Eusko Jaurlaritzatik bertatik datozen ahotsetatik ere bai, herri honek behar duen erreforma fiskalari buruzko eztabaida bat egiteko beharra. Aprobetxa dezagun unea eta jar dezagun lehentasuntzat herri honek sortzen duen aberastasunaren banaketa justua egitea. Argi izan behar dugulako diru sarrera gehiago beharko ditugula egoera larri bati aurre egin ahal izateko.

KPIa etengabeko gorakadan daukagu, bi digituetatik hurbil, eta egoera hau estres proba bat izaten ari da familien zein enpresen ekonomientzat. Prezio garestiekin soldata berberekin jarraitzeak euskal familiak berriro ere pobretzea dakar. Soldatak KPIaren igoerara egokitzeko premia larria dugu.

Era berean, gizarte laguntzak jasotzeko baldintzak zabaldu behar dira.

Azkenik, baina ez garrantzi gutxiagokoa, uste dugu bizi dugun krisi egoeran aurrekontuetan jasotako inbertsioak berrikusi behar direla, gaur egun lehentasunak euskal herritarren premietara, euskal industriara eta gure herriko lehen sektorearera diru publiko gehiago bideratzea baita.