AKTUALITATEA

| 2026-05-26

Global Sumud Flotillan parte hartu duten sei euskal herritarrei pasa den larunbatean Loiuko aireportuan antolaturiko harreran Ertzaintzak erakutsi zuen “jarrera ulertezina, bortitza eta lotsagarria” mundu guztiak ikusi eta gero, EH Bilduk operatiboaren arduradunak kargutik kentzeko exijitu dio gaur Bingen Zupiria Segurtasun sailburuari, gertakaria horien inguruko azalpenak emateko Legebiltzarrean egin duen agerraldian.

Gorka Ortiz de Guinea legebiltzarkideak aintzat hartu du sailburuak ardura osoa bere gain hartzea, baina jarraian, Ertzaintzaren bortizkeria nola edo hala justifikatu nahian, ustezko probokazioak aipatu izana leporatu dio, “hemen ez dagoelako neutrala edo anbiguoa izaterik”. Hori horrela, EH Bilduk ondorioak exijitu ditu. “Ez du balio hitz handitan geratzea, neurri zehatzak nahi ditugu. Ertzaintzaren jarrera bortitzaren erantzukizuna lehen pertsonan bere gain hartzeak ondorio argiak, sendoak eta premiazkoak izan behar ditu: operatiboaren arduradunak lan horretatik kendu behar dira, eta premiaz egin behar da, inpunitateak ez duela berriro irabazten erakusteko”. Izan ere, “Ertzaintzaren sektore batzuen kontrolik ezaren sentsazioa kezkagarria da”, erantsi du Ortiz de Guineak.

Alde horretatik, EH Bilduko legebiltzarkideak polizia ereduari buruzko debatea behar-beharrezkoa dela berretsi du. “Arazo bat dugu polizia ereduarekin, eta arazoa ukatzen jarraitzeak arazoa elikatzen bakarrik laguntzen du. Aitor ezazue Ertzaintzaren barruan sektore jakin batzuekin oso arazo larria dugula, ez Ertzaintza osoarekin. Irten zaitezte negazionismo horretatik eta pasa zaitezte polizia eredu honekin dugun arazoa konpontzeko fasera. Mundu guztiak ikusi du arazo bat dugula, eta arazoa dagoela onartu ondoren igaro ahalko gara konpontzeko fasera. EH Bildu parte aktiboa izango da fase horretan”.

Ortiz de Guinearen iritziz, Loiuko aireportuan lau haizetara zabaldu diren irudien ostean “Ertzaintzaren irudia oso kaltetuta eta oso zikinduta atera da, eta jakin badakigu ertzain asko lotsatuta daudela Loiun gertatu zenarekin. Irudi horiek erakusten dute Ertzaintza bat herri honetako errealitatetik eta iritzi publikotik guztiz aldenduta dagoena. Agerian geratu da arazo bat dugula gaurko eredu polizialarekin, eta Ertzaintzarekin bere osotasunean, baizik eta Ertzaintzaren barruan erabat kontrolik gabe dauden sektoreekin. Horregatik eskatzen dugu polizia ereduaren eztabaida premiaz irekitzeko”.

Loiuko operatiboaren inguruko argibideak eskatzeaz gain, EH Bilduko legebiltzarkideak elkartasuna helarazi die Ertzaintzaren jardunaren biktima izan ziren guztiei, Global Sumud Flotillako kideei batez ere, Israelgo estatu genozidaren bortizkeria pairatu eta gero “Ertzaintzaren jarrera ulertezin, bortitz eta lotsagarriarekin topo egin zutelako”. Haiek izan ziren, lehenik eta behin, kaltetuak, Ortiz de Guineak gogorarazi duenez, baina, bigarrenik, “Euskal Herria bera izan da kaltetua, munduari proiektatu diogun irudia lotsagarria delako. Nahiz eta euskal gizarteak Palestinako herriaren genozidioa erabat arbuiatu, munduari beste mezu bat bidali diogu, palestinarrak defendatzen dituztenen aurrean hemengo Gobernuak eta Israelgoak berdin jokatzen dutela, alegia”.

Eta gero, erantsi du, “Ertzaintzaren irudia dago, operatiboaren arduradunek eta bertan jardun ziren agenteek kalte ikaragarria egin diotelako Ertzaintzari berari, heren kode deontologikoa urratzeaz gain”.