AKTUALITATEA

| 2020-03-05

Jusapol polizia sindikatuak Kongresu atarian eginiko protestaren harira, ERC, Junts per Catalunya, Euskal Herria Bildu, CUP, BNG, Mas Pais eta Compromís alderdiek honakoa adierazi nahi dugu:

Babesa eta elkartasuna helarazi nahi diegu Kongresuaren kanpoaldean irainak eta mehatxuak pairatu zituzten hautetsi politiko eta langileei. Askatasunen aurka Jusapolek eginiko erasoa salatzen dugu, ezkerreko indar independentisten aurkako irain eta mehatxuekin batera.

Oso larritzat jotzen dugu Jusapol sindikatuak poliziek ezarritako segurtasun eremua hautsi izana eta Kongresuko sarrera-irteerak oztopatzea, aurpegiak estalirik ordezkari politikoak iraintzen zituzten bitartean. Mehatxuak ere izan ziren "Polizia eta Guardia Zibila gu gara, gerra izango duzue" bezalako oihuekin tentsio egoerak sortuz.

Onartezina iruditzen zaigu Jusapoli faborezko tratua eman izana eta eraso hauen aurrean Kongresuan segurtasuna bermatzeko ardura daukaten poliziek esku hartu ez izana. Agiriaren sinatzaileek pasibotasuna leporatu diete poliziei, eta Jusapolen alde lerratu zirela nabarmendu dute, pentsiodun, langile edo taxi gidariei horrelako mobilizazioak egitea galarazten dietela gogoraraziz.

Halaber, eskuin muturraren partetik jaso duten babesa ere salatu nahi dugu, Jusapolen manifestazioan parte hartu ostean segurtasun eremua gainditzea eta irainak egitea ahalbidetu zutelako, inolako oztoporik jarri gabe. Dputatu independentistei eskuin muturrak Kongresu barruan eta kanpoan eginiko irain eta errespetu faltak zenbaezinak eta onartezinak direla deritzogu, ia egunerokoak bihurtzeraino. Horrelako mehatxu jarraituei amaiera emateko unea iritsi dela uste dugu.

Adierazpen honekin bat egiten dugun alderdiok kexu bateratu bat helaraziko diogu Kongresuko Mahaiari ezarritako neurriak azal ditzan eta Jusapolen alde lerratzeko arrazoiak eman ditzan, beste kolektiboekin ez bezala. Gertatutakoari buruz azalpenak ematea eta Junts per Catalunyako bozeramaile Laura Borrasi babesa ukatu zioten polizien erantzukizuna argitzea eskatzen diogu, ildo bereko egoerak berriro gerta ez daitezen. Era berean, eskuin muturraren Kongresu barruko zein kanpoko erasoen aurrean berehalako neurriak har ditzala exijitzen diogu Kongresuko Mahaiari. Salaketa hau Bozeramaileen Batzordera ere eramango dugu.