AKTUALITATEA

| 2022-03-01

EH Bilduk ate joka ditugun erronka klimatikoen aurrean herri eredu arduratsu eta kontziente bat eraikitzeko egindako apustua berretsi nahi izan du gaur. Ibilbide-orri komun bat zehazteko helburuarekin, gaur bertan, Gasteizeko Abastos Merkatuan, Klimaren Aldeko Herri Ituna deituriko proposamena aurkeztu du. Aurkezpenean hitza hartu dute: Pello Otxandiano EH Bilduko Programa Zuzendaria, Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea eta Laura Aznal EH Bilduko Nafarroako Parlamentuan.

 

Euskal Herriak bat egin behar du une historiko honek eskatzen duen ekintza klimatikoarekin”, adierazi du Otxandianok. “Horretarako, lidergo instituzionalarekin batera, gizarte-mobilizazioa funtsezkoa izan behar da konpromiso tasatu eta lotesleak planteatzen dituen ibilbide-orri bat garatzeko euskal erakunde guztientzat eta klima-aldaketaren aurkako borrokan interesa duten eragileentzat”, erantsi du.

 

Azaldu duenez, “oraintxe bertan”, bai Euskal Autonomi Erkidegoan zein Nafarroako Foru Komunitatean aldaketa klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren legeak eztabaidatzen ari dira. “Lege horiek neutraltasun klimatikora heltzeko ibilbide-orria ezarriko duen herri itun baten tresna normatiboa izan behar dira”, nabarmendu du.

 

Horregatik, Otxandianoren aburuz, ibilbide-orri horren oinarriak formulatzeko unea da, “berehala martxan jarri beharko liratekeen ardatz estrategikoek mugatutako jarduera-eremu bat”. Hala, herri itun bat adostearen garrantzia azpimarratu nahi izan du: “Belaunaldien arteko itun zabal bat, datozen hilabete eta urteetako politika klimatikoak ezartzeko beharrezkoak diren adostasun instituzional eta sozialak eraikitzea ahalbidetuko duena”.

 

Mikel Oterok eta Laura Aznalek, Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako parlamentuko ordezkari gisa, Otxandianok aurkeztutako proposamenarekin bat egin nahi izan dute, erronka klimatikoei lehenbailehen heltzeko beharra nabarmenduz. Oterok Euskal Herrian prozesu honen gakoak zeintzuk diren aipatu aurretik adierazi duenez, “erronka klimatikoa begirada globala baina, analisi esparru eta jardun lokala dituen ekinbide bat izan beha da”.

 

Argudiatu duen bezala, klima-aldaketaren aurkako borroka ekonomiaren deskarbonizaziotik igarotzen da ezinbestean (beste aldaketa askoren artean); “hau da, erregai fosilak energia-ekuaziotik kanpo ateratzetik”.

 

 

¿Etxeko lanak egin al ditugu?

 

 

Datuek beren kabuz hitz egiten dute: egoera konprometituan gaude, bai klimari dagokionez, bai energiari dagokionez ere, eta orain arte egindako lanak oso emaitza txarrak izan ditu. 1990 urtea erreferentziatzat hartuta, EBk plangintza guztietan egiten duen bezala, ikusi dezakegu isurketen murrizketa, Hego Euskal Herri osoan, % 4,5ekoa izan dela azken 30 urteetan, eta EBk, denbora tarte berean, isurketak % 24 murriztu dituela.

 

Horregatik guztiagatik, Oterok azpimarratu du EAEn zein Nafarroan, klima eta trantsizio energetikoari buruzko legeak egingo diren une hau, une “erabakigarria” dela “ate joka dugun horri guztiari aurre egin eta dagozkien lege, estrategia eta planetan islatzeko”.

 

Eta, hain zuzen ere, gaur aurkeztu den Herri Itunak egoera politiko horri erantzun dio: “Proposatu ditugun eta agerraldi honi erantsitako dokumentuan garatuta dituzuen oinarrizko ardatz horien gainean itun sozial zabal bat eraikitzea beharrezkoa dela uste dugu”:

 

 

  1. Anbizio klimatikoa Europarekin sinkronizatzea

  2. Gastu publiko orokorraren eragin klimatikoaren ebaluazio sistematikoa, hala nola, martxan dauden azpiegituretako inbertsioarena, zein Europako funtsetatik eratorritako inbertsioarena.

  3. Gobernantza klima-aldaketaren eta energia-trantsizioaren arloan.

  4. Politika birbanatzaileak eta finantza-tresna trantsizionalak.

  5. Aurrekontu-politikan gizarte-ongizate eta aurrerapenaren adierazleak.

 

 

Hari beretik tiraka, Laura Aznalek EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan egindako lana azpimarratu nahi izan du. “Gobernuak aurkeztutako proposamenak ez zuen anbiziorik ezta zehaztasunik”, salatu du. Hala, prozesu parte hartzaile bat sustatu ostean, zeinetan hainbat kolektibo, gizarte eragile eta ingurumen adituek parte hartu duten, 123 zuzenketa aurkeztu zituen EH Bildu Nafarroak.

 

Horrela, EH Bilduren lanari esker, aurrerapauso garrantzitsuak eman direla aipatu nahi izan du Aznalek. “Helburuak betetzeko epe zehatzak zehaztu ditugu, portzentaje zehatzak ezarri ditugu, data zehatzak ezarri ditugu... ezer ez zegoen tokian”, azpimarratu du.

 

Beraz, behin eztabaida prozesua burututa, eta azken bozketa egin aurretik, Aznal egindako lanaz harro azaldu da: “Uste dugu legea asko hobetu dugula, uste dugu lege hau funtsezkoa dela eta gure papera erabakigarria izan dela legearen eztabaidan”.