AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-04

EH Bilduk agerraldia egin du, gaur goizean, Gasteizen, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei begirako bere gobernu programa eta lehentasunak aurkezteko. Agerraldian izan dira Pello Otxandiano EH Bilduren lehendakarigaia, Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburua eta Ima Garrastatxu Bizkaiko zerrendaburua.
 

EZAGUTU GOBERNU PROGRAMA OSORIK PELLO.EUS ATARIAN
 

Agerraldian, Otxandianok, adierazi du programa «herri honetako eragile anitzekin batera urteetan egin dugun lanaren emaitza» dela eta balioan jarri du bertan jasotzen diren neurrien dimentsioa, «erronka sozialei erantzun konkretuak ematen dizkieten proposamenak dira, europa mailan abanguardia diren politika publikoak erreferente dituena».

Halaber, gainontzeko alderdieei dei egin die «zorroztasunez» eztabaidatzera eta EH Bilduko lehendakarigaia itxaropentsu agertu da «kanpainak aukera eman dezake herri proiektu baten inguruan eztabaidatzeko». «Hauteskundeak dira programak kontrastatzeko momentua baina, baita ere, elkarguneak identifikatzeko garaia. Eta gu horretan saiatuko gara», nabarmendu du. 

Otxandianok ohartarazi duenez, «inertziak alboratu eta aldaketaren agenda martxan jartzeko unea da, hau ez delako edozein legegintzaldi izango». Haren esanetan, «XXI. Mendeko urte erabakigarrietan sartu gara eta anbizioz ekin behar diegu aldaketa soziodemografikoari, teknologikoari, trantsizio energetikoari eta larrialdi klimatikoari».