AKTUALITATEA

| 2025-05-20

Bilera egin du EH Bilduk, gaur arratsaldean, Kontseiluarekin. Joan den apirilaren 23an, Jose Manuel Albares Atzerri ministroarekin bilera egin zuten EH Bilduren Kongresuko bozeramaile Mertxe Aizpuruak eta Senatuko bozeramaile eta EH Bilduren Harremanen idazkaria Gorka Elejabarrietak, euskararen ofizialtasunari buruzko elkarrizketa eta negoziazioei jarraipena emateko asmoz. Bileraren xehetasunak euskararen normalizazioaren alde lanean ari diren eragileei eta elkarteei helarazteko konpromisoa hartu zuen EH Bilduk, eta hurrengo asteetan bilera erronda egingo du. Hain justu, Euskaraldia egiten ari den garaian. Gaur arratsaldean egin du Kontseiluarekin, eta bertan izan dira Pello Otxandiano EH Bilduren Legebiltzarreko burua, Josu Aztiria legebiltzarkidea eta Eneka Maiz Nafarroako parlamentaria.

Albaresekin izandako bileraren nondik norakoak lehen eskutik helarazi dizkie EH Bilduk Kontseiluako ordezkariei. Era berean, ofizialtasunak biziberritze-prozesuan hizkuntza-eskubideen, euskararen balio sinbolikoan eta euskararen berdintasunezko arkitektura juridikoan izan ditzakeen potentzialitateez aritu dira bileran.

Horrez gain, euskararen biziberritze-prozesuan gaur bizi den testuingurua eta egoeraren diagnostikoaz EH Bilduk daukan ikuspegia Kontseiluarekin konpartitzea ere izan da bileraren helburua. Bizi dugu geldialdia atzeraldi bilaka ez dadin; areago geldoaldia indarberritze-prozesu berri baten bilaka dadin behar den hizkuntza-politika martxan jartzeko EH Bilduren bere bide-orria helarazi dizkio ezker subiranistak Kontseiluari.

Oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoaren inguruan ere hitz egin dute EH Bilduk eta Kontseiluak egindako bileran. Zehazki, Udal Legearen azken gertakariez eta hizkuntza-eskakizunen sistemari segurtasuna emateko eman beharreko lege-aldaketen inguruan. Hizkuntza-eskakizunen sistemari segurtasuna emateko Enplegu Publikoaren legea aldatzeko beharra azaldu dio EH Bilduk Kontseiluari; era berean, lege-aldaketa gauzatzeko landu duen proposamena aurkeztu dio eta bide honetan ematen ari garen urratsen berri ere eman dio.