AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-12

Itxaso Etxebarria eta Eva Lopez de Arroyabe Arabako hautagaiek kanpainako ekitaldi batean parte hartu dute gaur Azilun, Iruraiz Gaunan, non «helburu klimatiko eta ekologikoekin bateragarria izango den eredu agroekologiko bat eraiki beharra» aldarrikatu duten. Biak ala biak kezkatuta agertu dira lehen sektorearen egoera kaskarrarekin, «egiturazko arazo larriak dituelako», eta normaltzat jo dute horregatik nekazariak eta abeltzainak mobilizatu izana, frustrazioak eta haserreak eramanda, «egungo eredua merkatuaren zerbitzura eraiki delako gizarteari low cost elikadura emateko. Alde batera utzi dira baserriak, nekazaritza eta arrantza jasangarriak, mendiaren kudeaketa komunala, dibertsifikazioa eta hurbileko harremanak, eta, aitzitik, produkzioaren industrializazioa bultzatu da Europar Batasunetik, Madrildik eta hemengo instituzioetatik».

Politika horien ondorioak pairatzen ari da orain lehen sektorea, salatu du Itxaso Etxebarriak: «Ekoizleentzako prezio baxuak, lanpostuak galtzea, herrien hustutzea, belaunaldien arteko erreleborik eza, kontsumo ohitura osasungarriak galtzea, elikagai ultraprozesatuen kontsumoa igotzea eta diru-laguntzak ustiategi industrialetan eta intentsiboetan pilatzea».

Gauzak horrela, EH Bilduk «helburu klimatiko eta ekologikoekin bateragarria den eredu agroekologiko bat» eraikitzearen aldeko apustua egiten duela azaldu du hautagaiak. Eredu horrek, esan du, elikadura burujabetzarako bidean egin beharreko trantsizioaren kostuak konpentsatzea ahalbidetuko luke. Hori eta elikagai osasuntsuen eta hurbilekoen ekoizpena bermatzea, ekoizleei bidezko prezioak ordaintzea, baserritik mahaira estrategia gauzatzea eta Elikadura Katearen Legea benetan bermatzea. Etxebarriak azpimarratu duenez, «lehen sektorea indartsuagoa eta erresilienteagoa izatea eta diru-laguntzekiko duen menpekotasuna murriztea lortu behar dugu».

Halaber, «elikadura burujabetza burujabetza energetikoa bezain estrategikoa» dela ohartarazi du; hori dela eta, klima aldaketaren efektuak gehien nozitzen dituzten sektoreetako bat dela kontuan hartuta, «lehen sektoreak klima aldaketari aurre egiteko behar den egokitzapenaren protagonista izan behar du».

Horretarako, elikadura burujabetzarantz eta trantsizio agroekologiko horretan aurrera egiteko dekalogo bat proposatu du EH Bilduk, betiere argi edukita martxan jarri beharreko edozein neurri «adostasunez, errespetuz eta trantsizio prozesuak lagunduz» ezarri beharko dela.
 

DEKALOGOA:

1.- Elikadura Burujabetzaranzko eta Trantsizio Agroekologikorako Estrategia diseinatzea eta egikaritzea sektorearekin eta administrazio eta eragile ezberdinen arteko lankidetzan. PAC delakoa agroekologiara bideratuko dugu, 2030erako azaleraren %25 agroekologikoa izan dadin eta fruta eta ortuarien ekoizpena %5 igo dadin.

2.- Zuzeneko laguntzak, 1.400 euroko gutxieneko soldata eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko.

3.- Eskualdeetan azpiegitura publiko-kolektibo berriak martxan jartzea tokiko eta sasoiko elikagaiak prozesatzeko eta banatzeko.

4.- Kontrol mekanismoak indartzea prezio duinak bermatzeko eta elikadura katearen eragileen arteko jardunbide egokiak baldintzatzeko.

5.- Lurzoruen inbentarioa eta klase agrologikoen mapak egitea, Lurralde Plan Sektorialetan nekazaritza-lurrak mapa horien arabera babesteko.

6.- Nekazaritza eta Elikadura Legea eta Nekazari Gazteen eta Emakume Nekazarien Estatutuak garatzea.

7.- Jantoki publikoen sarean erosketa publiko berdea egikaritzea.

8.- EAEko Elikadura Kontseilua eta Tokiko Elikadura Kontseiluen sarea sortzea. Sare hori erabakigunea izango da elikadura sistemaren gobernantzan, datuen behatokiaren eraginkortasuna indartzeko eta Elikagaien Bidezko Prezioen Itun Soziala bultzatzeko.

9.- Basoen trantsizio ekologikorako diru-laguntzak egoki doitzea.

10.- Arrantza iraunkorrerako trantsizio plana martxan jartzea.