Azken orduetan ezagutu dugu justiziak Gipuzkoako Foru Aldundiak ehun administrari postu egonkortzeko abiarazitako deialdiaren kontra egin duela, hizkuntza eskakizunak medio. Zoritxarrez, ez da lehen aldia, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokionez ere gisako erabaki baten berri izan baitugu duela gutxi. Berdin hainbat udaletan. Orohar, esan dezakegu duela urtebete baino gehiagotik euskalgintzak eta euskal gizartearen sektore ezberdinok salatu izan dugun euskararen aurkako oldarraldi judizialak martxa bat gehiago hartu duela. Gainera, hizkuntza-eskakizunetan atzerapausuak emateko tentaldia egon daiteke administrazio ezberdinen partetik. EH Bilduren ustez, atzera-egite onartezina litzateke.
Ezkerreko independentismoaren iritiziz, ez da aukera bat hizkuntza eskakizunak apaltzea. Ez da aukera bat atzerapausuak ematea. Euskararen desagerpenean tematuta diruditen epai eta epaileei men egin eta amore ematea ez dugu onartuko. Gure ustez, euskararen biziberritzea eta ezein eremutan euskaraz aritzeko eskubidea bermatu beharra dago. Zentzu horretan, modu erreaktiboan baino, modu proaktiboan aritzeko momentua iritsi dela uste dugu. Eta EH Bilduk, dagokion arduratik, herri honetan egon badauden gehiengo sozial eta politikoak baliatuta beharrezkoak diren lege-aldaketak posible egiteko konpromisoa erakutsi nahi du.
EH Bilduk iragarri nahi du gaur bere prestutasun osoa Enplegu Publikoaren lege-aldaketa egiteko, geure arkitektura juridikoa indartu eta hizkuntza-eskakizunen sistemari segurtasun juridikoa emateko. Dei egiten diegu gainontzeko indar politiko eta sozialei, ekimenarekin bat eginez, euskararen biziberritzean urrats kualitatiboak ematera.