AKTUALITATEA

| 2021-09-09

Jakina denez, Europako Parlamentuak, Europako Batzordearekin eta Europako Kontseiluarekin batera, Europaren Etorkizunari buruzko Konferentzia jarri dute martxan.

COFOE, Bruselako “argotean” ezaguna den bezala, abian da dagoeneko, baina zalantzak dira nagusi: Batzordea eta Kontseilua, ekimenik gabe ari dira, eta une oro arriskuak eta balizko hipoteka politikoak minimizatzen saiatzen ari dira, azken batean ez baitute nahi Europako Etorkizunari buruzko Konferentzia horretatik etorkizunerako ezer loteslerik ateratzerik, benetako parte-hartze prozesua martxan jarriko duena, gizartearen %99ari ahotsa emango diona.

Euskal Herria Bildutik behin eta berriz berretsi da Europa osoaren etorkizunari buruzko hausnarketa beharrezkoa dela. Europako erakundeak herritarrengandik urruntzeak zerikusi handia baitu:

Europako herritarrek 2008ko zorraren krisiaren ondorioz jasan behar izan zuten “austerizidioarekin”; indar euroeszeptikoen, xenofobiaren eta ultraeskuinaren hazkundearekin; Brexitarekin; COVID19ren osasun- eta gizarte-krisiarekin; eta estaturik gabeko nazioen errealitatearen aurrean, Europako erakundeek ez ikusiarena egiten dute.

Horrek guztiak, bere osotasunean, erantzun eta formula berriak bilatu eta irismen handiko gogoeta egitera gonbidatzen gaitu.

Ildo horretan, Batzordeak eta Kontseiluak duten jarrerak, antolatu ahal izan den Europako foro bakarrarekiko, ahuldu egin ditzake Europako Etorkizunari buruzko Konferentziako ondorioen lana eta eraginkortasuna.

Nolanahi ere, Euskal Herria Bildu Europako Parlamentuko ordezkaritzako kide izango da, horretarako aukeratua izan baita. 108 MEPek hartuko dute parte COFOEren Batzarrean, eta Pernando Barrena bertako kide izango da.

Europako Parlamentuko ordezkariez gain, estatu kideetako parlamentuetako 108 kidek, Kontseiluko, Batzordeko, Eskualdeetako Komiteko eta gizarte zibileko ordezkariek ere parte hartuko dute COFOEn. Beste behin ere salatu nahi da Konferentzia honen diseinuak ahaztu egiten dituela nazioen eta eskualdeen errealitateak, eta bigarren mailako eginkizuna egozten zaie.

EH Bilduk Europako Parlamentuko Ezkerreko taldean parte hartuko du, testuinguru historiko honetan garrantzitsuak diren balioak defendatzeko helburuarekin:

  • Alde batetik, batez ere pandemia garaian: Arlo publikoaren defentsa, gizarte-inbertsioaren garrantzia hezkuntzan, osasunean eta gizarte-babesean: 2008ko krisiari emandako erantzunaren guztiz alderantzizkoa behar dugu, ezin dugu inor atzean utzi. Gizartearen kohesio sozial eta ekonomikoa Covid19ak utzitako krisialditik ateratzeko moduaren mende egongo da; halaber, Next Generation funtsen kudeaketa herritarren eta sektore ekonomiko anitzek dituzten beharretara egokituta izatea", nabarmendu du Barrenak.

  • Europa sozial horrekin batera, azoimarratu nahi izan du Europaren ideia, "sorrerako balioak aintzat hartuko dituena: Giza Eskubideen Europa, migrazio behartuarekin eta migrazio ekonomikoarekin solidarioa den Europa. Afganistango egoerak berriro ere agerian utziko du Europak beteko ote dituen giza eskubide zein nazioarteko legedia".

Europa eraikitzen ari den subjektu politikoa da, bai kanpoko mugetan, baita barruko mugetan ere, historikoki gertatu den bezala.

COFOEren Asanbladan EH Bilduk planteatuko du Europa dauden estaturik gabeko nazioek Europa sozial, solidario eta giza eskubideak aintzat hartuko dituen Europan paper garrantzitsua bete dezaketela.

"Europan azaleratzen ari diren nazioak -Euskal Herria, Katalunia, Flandria, Eskozia, Korsika, Irlanda- ez gara Europaren integraziorako mehatxua, berme sendoa eta plurala gara; eta, gainera, berez, ultraeskuinaren eta xenofobiaren mehatxuaren aurkako botika gara. Hala erakusten du SNPren eta Berdeen alderdiaren artean Eskozian lortu den gobernu-akordioak: 2023an independentziari buruzko bigarren erreferenduma ezartzeaz gain, gobernu-programa zinez aurrerakoia aurkeztu baitute: Lehentasunez, klima-aldaketaren aurka borroka, eta neurri zehatzak hartu dituzte gai ezberdinetan: oinarrizko arreta indartzea, espekulazioa desagerrarazi nahi duten etxebizitza-politikak, edo herritarren zerbitzura dagoen ekonomia berdea sustatzea", ohartarazi du Barrenak.

Ildo horretan, COFOEren Batzarrean parte hartzeko, aspalditik beste indar subiranista batzuekin abian jarri dituzten lankidetza-eremuak hartuko dituzte kontuan; Espainiako Estatuaren kasuan, LLotja de Mar akordioa sinatu duten indarrekin elkarlanean; Eta Europako Parlamentuaren kasuan, Erabakitzeko eskubidearen aldeko Kaukusaren bidez, non Europako estaturik gabeko nazioetako MEPok parte hartzen duten. "Zalantzarik gabe, tresna garrantzitsua izango da COFOEren eztabaidara erabakitze-eskubidea mahi gaineratzea, Europa soziala eta berdintasunezkoa indartzeko tresna gisa", ondorioztatu du.