AKTUALITATEA

Naziogintza | 2024-03-26

EH Bilduk eta EH Baik Uztaritzen eta Iruñean ospatuko den Aberri Egunera joateko deia luzatu diete euskal herritarrei, Arnaldo Otegi eta Aitor Servier ordezkarien eskutik, Donostian burutu duten agerraldi bateratuan. Ezker independentismoa Euskal Herri osoan hazten ari dela nabarmentu dute ordezkariek, eta, hauen esanetan, «gero eta gehiago garenaren lekuko izanen da aurtengo Aberri Eguna».

«Batetik, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen batasuna eta aitortza politikoaren prozesuan fase berri bat irekitzeko anbizioa erakusteko hitzordua izanen dugu Lapurdin. Bestetik, Euskal Herria nazioa eta Euskal Errepublika behar dugula aldarrikatzeko elkartuko gara Euskal Herriko hiriburuan», adierazi du Aitor Servier, EH Baiko ordezkariak. Arnaldo Otegiren esanetan, «Euskal Herrian ziklo politiko berri bat abian da. Nazio ikuspegia berritu eta euskal lurraldeen artikulaziorako aukerak parez pare zabal ditzakeen aro batean garela uste dugu».

Hori dela eta, Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatzeko xedearekin, EH Bildu eta EH Bai presente izango dira Euskal Herria Baterak Martxoaren 30ean Bilbon antolatuko duen ekitaldian. Halaber, EH Bilduren eskutik Iruñean eta Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak antolaturik Uztaritzen ospatu diren Aberri Egunetan parte hartzeko deia luzatu diete euskal herritarrei.
 


EH BAI - EH BILDU ADIERAZPEN BATERATUA: 2024ko Aberri Eguna

Ezkerreko independentistok Uztaritzen eta Iruñean ospatuko dugu aurtengo Aberri Eguna. Batetik, Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalearen batasuna eta aitortza politikoaren prozesuan fase berri bat irekitzeko anbizioa erakusteko hitzordua izanen dugu Lapurdin. Bestetik, Euskal Herria nazioa eta Euskal Errepublika behar dugula aldarrikatzeko elkartuko gara Euskal Herriko hiriburuan. Ezker independentismoa hazten ari da Euskal Herri osoan, eta, gero eta gehiago garenaren lekuko izanen da aurtengo Aberri Eguna.

Euskara, komunitatea egituratzeko

Korrikaren uberan heldu da Aberri Eguna. 10 egunez Euskal Herria alderik alde zeharkatu duen euskararen aldeko herri lasterketa erraldoiak erakutsi du herri-gogoa eta euskararen aldeko hauspoa oso indartsuak direla. Korrikak frogatzen du auzolanean gauza handiak egin ditzakeen herria dela gurea, eta, ororen buru, elkarrekin egiten dugunak batzen gaituela. Euskarak egiten gaitu herri. Hala, Euskal herritar guztiek izan behar dute euskara ezagutu eta erabiltzeko eskubidea eta aukera. Oldarraldi judizialen edo euskarazko hezkuntzaren aurkako erasoen testuinguruan, non gibelera egiteko asmo politiko nabaria ikusten dugun, euskara komunitatea egituratu eta kohesiorako hizkuntza gisa aldarrikatzen dugu EHBai eta EHBiduk. Are, euskalduntze prozesuan jauzi bat egiteko beharra eta hori gauzatzeko gure konpromisoa mahai gainean jartzen dugu.

Burujabetza, gure geroa erabakitzeko

Gure herriak sistema kapitalistak eragin krisi sozial, ekologiko, ekonomiko, politiko nahiz belikoak ezaugarrituriko testuinguruari egin behar dio aurre. Marraztu nahi duten mundu gris honetan, alternatiba posible denaren eta itxaropenaren ideia lau haizetara hedatu nahi du ezker independentistak. Autoritarismoaren eta demokraziaren arteko lehia ezaugarrituriko garaian, XXI. mendeko auziei erantzuteko herri-bulkada berri baten beharra mahai-gaineratzera gatoz aurtengo Aberri Egunean. Euskal Herriaren gaitasunak mobilizatzea eta antolatzea dagokigu, komunitate gisa, berdintasuna eta ongizatean oinarrituriko eraldaketa bultzatzeko. Burujabetza osoa behar dugu horretarako. Hots, gure herriaren antolaketa politiko, ekonomiko, kultural eta soziala erabakitzeko ahalmen gorena. Hala, nazio-aitortzaren eta Euskal Herriak bere geroa libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidearen aldeko engaiamendua berresten dugu aurtengo Aberri Egunean.  

Euskal Herriarekin batera, itxaropena sortzen dute burujabetza eskuratzeko lanean ari diren estaturik gabeko nazioak eta mugimenduak. Europan inposatu nahi den agenda erreakzionarioaren aurrean, Irlandatik, Kataluniatik, Eskoziatik, Kanakyatik, Polinesiatik edota Korsikatik, herrien mesederako Errepublika demokratikoak eta progresistak eraikitzearen aldeko haizea dabil.

Nazio ikuspegiaren indarberritzea

Zorionez, Euskal Herrian ziklo politiko berri bat abian dela erran dezakegu. Nazio ikuspegia berritu eta euskal lurraldeen artikulaziorako aukerak parez pare zabal ditzakeen aro batean garela uste dugu. Hala, zatiketa administratiboaren gainetik, gure herria berrosatzeko egitasmo berriak sustatzeko borondatea agertzen du gaur ezker independentistak, eta baita eragile zein instituzioen arteko harremanak sendotzekoa ere.

Egunotan gure ikurrak lau haizetara hedatzeko deia egiten dugu. Horrez gain, Euskal Herria Baterak Martxoaren 30ean Bilbon antolatuko duen ekitaldian presente izanen garela adierazten dugu. Azkenik,  EHBilduren eskutik Iruñean eta Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak antolaturik Uztaritzen ospatu diren Aberri Egunetan parte hartzeko deia egiten diegu euskal herritarrei.

Burujabetza Euskal Herriarentzat!