AKTUALITATEA

| 2021-09-28

EH Bilduk alegazioak aurkeztu eta Ekarpen Lege berriaren tramitazioa etetea eskatu du Legebiltzarrean, Jaurlaritzak eta foru aldundiek adostutako lege-proiektuak ez dituelako konpontzen baliabide ekonomikoen banaketaren inguruan azken 14 urteotan erakundeen artean egon diren desadostasunak, eta ez duelako udal finantzazio egokia, nahikoa eta egonkorra bermatzen. EH Bilduren iritziz, egokiena tramitazioa etetea da prozesuan instituzio eta eragile politiko ezberdinek parte hartzea ahalbidetzeko eta, horrela, ikuspegi zabalagoko lege bat onartu ahal izateko. Izan ere, gai honetan ezinbestekoa da ahalik eta adostasunik zabalena lortzea bai maila instituzional ezberdinen artean, bai sentsibilitate politiko ezberdinen artean.

Federazio subiranistak salatu duenez, Jaurlaritzak diputazioekin hitzartu duen eta Legebiltzarrari igorri dion Ekarpen Legeak ez du maila instituzional guztien adostasuna, udalak negoziazio prozesutik kanpo utzi dituztelako, haiekiko akordio bat bilatu gabe. Udalak baztertu dituzte, bigarren mailako erakundeak balira bezala, nahiz eta lege horrek haientzat hain garrantzitsua den udal finantzazioaren gaia barneratzen duen. Hala, udalak kontuan ez hartzearen ondorioz, lege proiektuak ez du bermatzen udalek beren eskumeneko zerbitzuak herritarrei eskaini ahal izateko beharrezko den finantzazioa izango dutenik.

Eta udalak bezala, oposizioko alderdi politikoak ere prozesutik kanpo geratu dira, Jaurlaritzak eta aldundiek ez dutelako inolako saiakerarik egin ez Legebiltzarrean, ez Batzar Nagusietan, adostasun politikoak zabaltzeko. 14 urtez egon gara Ekarpen Lege berririk gabe eta beste hilabete batzuk hartu beharko lirateke erakunde desberdinen artean eta sentsibilitate politiko ezberdinen artean akordio zabala lortzeko.

Urkulluren Gobernuak igorritako lege-proiektuaren edukiari dagokionez, EH Bilduk ohartarazi du ez duela balio azken 14 urteotako arazoak konpontzeko. Batetik, Lakua eta aldundien arteko baliabideen banaketan aldaketa nabarmenik ez dagoelako. Izan ere, koefiziente bertikala apenas aldatzen da (%70,04tik %70,81era igotzen da) eta horizontaletan ez dago inolako aldaketarik. Hau da, Ekarpen Lege berri honek ez du aldundien arteko finantzazio desoreka konpontzen eta denbora kontua da orain arteko arazo berberak berriz ere azaleratzea, horri ez zaiolako irtenbide sendorik ematen.

Legeak arautzen duen Egokitzapenerako Funts Orokorrari dagokionean ere ez dago funtsezko aldaketarik, lege-proiektuak 2019tik aplikatzen ari zen prozedura berberari eusten baitio. Ondorioz, hainbeste urtetan izandako arazoak isilarazi dira, baina herrialdeen arteko benetako oreka finantzarioa lortzeko aukera galdu da; ez du sakoneko konponbiderik ematen ez zaiolako arazoaren muinari behar den moduan heltzen.