Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak gaur egin duen bileran egiaztatu ahal izan da EH Bilduk joan den urrian esandakoa: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunen diru-bilketan atzerapen handia gertatuko zela. Eta hala izan da. Gaur baieztatu da hiru ogasunen artean aurrekontuetan jasotakoak baino 700 milioi euro gutxiago bildu direla.
Ezegonkortasun ekonomikoko garaiak bizi ditugu, eta administrazioek segurtasuna eskaini behar diete herritarrei. Eta hori zerbitzu publikoak indartzearekin bakarrik egin daiteke. EH Bilduk ohartarazi du diru-bilketaren jaitsiera horrek ondorioak izan ditzakeela herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu publikoetan.
Gaur aurkeztutako zenbakiek indartu baino ez dute egiten EH Bilduk defendatzen duen ideia: premiazkoa eta beharrezkoa da erreforma fiskal sakon bati ekitea. EAJk eta PSEk hiru Batzar Nagusietan aurkeztu duten proposamena ukitu fiskal bat baino ez da, kenkarien bilduma bat, eta horrek zerga-bilketa are gehiago jaistea ekarriko du.
Eudeleko presidenteorde eta Azpeitiko alkate Nagore Alkorta Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren gaurko bileran izan da. Alkorta kezkatuta agertu da zerga-bilketaren jaitsiera horrek udaletan izango dituen ondorioengatik. "Litekeena da udalek ogasunetatik jasotako dirua itzuli behar izatea", esan du. Ildo horretan, galdetu du nola erantzungo dieten horrela herritarren beharrei eta nola mantenduko dituzten jada eskaintzen dituzten zerbitzu publikoak.