AKTUALITATEA

| 2024-04-30

Bihar, maiatzak 1, langileen nazioarteko eguna ospatuko da Euskal Herrian eta mundu osoan. Egun horretan, EH Bildu, urtero bezala, Euskal Herriko kaleetara aterako da langile klasearen eskubideak defendatu eta aldarrikatzeko. Aurten ere, EH Bilduk herrialdeko sindikatu guztiei lagunduko die eta ordezkaritza izango du sindikatuek deitutako mobilizazio nagusietan. Izan ere, erabat sinetsita dago erakundeetan egin daitekeen lanak ezinbestean behar duela kaleetan mobilizazioaren bultzada.

Ezker subiranistaren ustez, baldintza politiko eta sozialak betetzen dira langile klasearentzako lan eskubideen lorpenean aurrera egiteko. Euskal Herrian euskal langileen eskubideak eta baldintzak hobetzeko aukera baten aurrean gaude, eta EH Bilduk konpromiso osoa du norabide horretan akordioak landu eta ehuntzeko. Orain da unea lan baldintzak, soldatak eta langileen eskubideak hobetzeko. Horretarako baldintza politiko eta sozialak ditugu, eta EH Bilduk lan egingo du errealitate bihurtzeko. Azken batean, euskaldunen bizi kalitatea hobetzeaz ari garelako.