AKTUALITATEA

| 2024-02-29

EH Bilduko hainbat alkatek -Iñaki Ostolaza (Zumaia), Aizpea Otaegi (Errenteria-Orereta), Andu Martinez de Rituerto (Tolosa), Xabier Lertxundi (Hernani), Itziar Iratzagorria (Urduliz)- agerraldia egin dute, gaur goizean, Donostian, Nerea Kortajarena Gipuzkoako zerrendaburuarekin eta Edurne Benito del Valle Bizkaiko hautagaiarekin batera. Eusko Jaurlaritzak Espainiako Estatuko Etxebizitza Legearen aurka jarritako helegitearen aurrean, etxebizitzaren arazoak konponbideak behar dituela azpimarratu du Aizpea Otaegi Errenteria-Oreretako alkateak, eta ez trabak eta oztopoak.

Aizpea Otaegi:

EH Bilduko alkateok denbora daramagu kezkatuta gure udalerrietako etxebizitza arazoengatik, eta tresna eraginkorrak eskatzen ditugu gure bizilagunei etxebizitza eskuratzen lagunduko dieten politika publikoak ezarri ahal izateko. Alkateok gara herritarrengandik hurbilen gaudenak, eta badakigu zerk kezkatzen dituen zein konturengatik sufritzen duten herritarrek. Guk ere egunero ikusten eta pairatzen dugu. Ikusten dugu gazteek, batez ere, zailtasunak dituztela etxebizitza bat lortzeko eta beren bizi proiektua baldintza duinetan garatu ahal izateko.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietan etxebizitzaren arazoaren ondorioak pairatzen ditugu. Horregatik, gune tentsionatuak izendatzeko eskatu dugu edo eskatuko dugu. Etxebizitzaren problematika eta horren ondorioak oso handiak dira gure bizilagunen artean, eta konponbideak behar dira. Gutxien behar duguna irtenbide posible horietarako trabak eta oztopoak dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalerrietan konponbideak behar ditugu etxebizitzaren arazoetarako, eta ezin da oinarrizko eskubide batekin espekulatzen jarraitu, etxebizitza eskuratzeko eskubidearekin, alegia.

Nerea Korjararena:

Esan dugu eta gaur errepikatzen dugu, uneotan mahai gainean kokatuak dauden eta eman beharreko eztabaida publikoen artean lehentasunezkoa dela etxebizitzaren arazo integrala eta intergenerazionalari irtenbideak ematea.

Atzo bertan ezagutu genituen Gipuzkoan pobreziaren inguruan egindako azterketa eta bertan berretsi egiten da etxebizitza pobrezia eta gizarte bazterketa areagotzen dituen faktoreetako bat dela. Erantzunak eman behar dira.

Uneotan funtzioetan dagoen gobernuak atzo bertan saldu zigun migrazio konpetentziaren zati batzuk eskuratu zituela. Agerraldi eta guzti. Baina igandean, atzeko atetik jakinarazi ziguten Etxebizitza Lege espainolari helegitea aurkeztu ziola. Larria iruditzen zaigu ez soilik helegitea bera sartu izana izana, baizik eta herritarren aurrean eman beharreko azalpenak ez ematea.

Udalerriak dira arazo hau lehen pertsonan bizi dutenak, eta udalerriak dira gune tentsionatu izendatzea eskatzen dutenak, etxebizitzaren problematikari irtenbidea eman nahian. Espainiako Etxebizitza Legeak ahalbidetzen du, gainera, putre funtsek erositako eraikinak eta horien gaineko espekulazio bideak moztea.

Borondate politiko kontua baino ez da. Erabaki ideologiko bat hartu du deskontuan eta funtzioetan dagoen gobernu batek, herritarren aurrean esplikazio bakan batzuk eman gabe. Ez gaude arazo juridiko baten aurrean, Bagenekien erabaki ideologikoa zela eurek aurka bozkatu izana bai EAEko legeari eta baita Espainiakoari, baina sinesgaitza iruditzen zaigu etxebizitzaren gaineko arazo estruktural eta integral hau bideratzeko borondate politikorik ez izateak. Bagenekien eurentzat etxebizitza ez dela eskubide bat eta bai espekulazio edo merkatuaren gatibu izango den jabetza sistema bat. Baina sinesgaitza egiten zaigu herri borondate orokorraren aurka horrela aritzea.

Lehenik eta behin, beraz, esplikazioak eman beharrean daudela uste dugu. Orain arteko jokabideak argiki erakusten digu berriro ere erregenarazio politikoaren beharra dagoela kudeaketa eta gobernantza eredu agortu eta zaharkitu horri so eginez gero.

Edurne Benito del Valle:

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteok lehen pertsonan pairatzen ari gara Eusko Jaurlaritzak etxebizitzaren arloko politika publikorik ez izatearen ondorioak. Ondorioak izugarriak dira gazteentzat, ia ezinezkoa baitzaigu bizi-proiektu bati ekitea. Datua izugarria da: Europako emantzipazio-tasarik baxuenetarikoa dugu. Eta hori, esan dizuedan bezala, EAJk eta PSEk gidatutako Eusko Jaurlaritzak azken urteotan arlo horretan erakutsi duen ekintzarik ezaren ondorio da.

Etxebizitza politika eraginkorrik ezari lan prekarietatea eta euskal gazteek jasotzen dituzten miseriazko soldatak gehitzen badizkiogu, ikusiko dugu euskal gazte batek ezin duela alokairuko etxebizitza eskuratu bere soldataren %100 horretara bideratzen ez badu; eta burutik pasatzen bazaio etxebizitza bat erostea soldataren 7 urte oso erabili beharko ditu etxebizitza horren sarrera ordaintzeko. Zein bizi-proiektu gara dezakegu baldintza horietan?

Gure belaunaldia anbizio handiko emantzipazio politiken alde bultzatzera deitua dago, interes merkantilistek mugatu ez ditzaten. Izan ere, orain arte gobernu ardurak izan dituzten alderdiak ez dira gai izan etxebizitza duina izateko eskubidea gauzatzeko.

EH Bilduk konpromiso osoa du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteen orainarekin eta etorkizunarekin. Eusko Legebiltzarrean egingo dudan lana gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzeko politika publiko aktiboak sustatzera, haien lan baldintzak hobetzera, lan prekarietateari amaiera ematera eta euskal gazteen emantzipazioa errazteko beharrezkoak diren politika guztiak bultzatzera zuzenduta egongo da. Horixe da nire konpromisoa, EH Bilduren konpromisoa.