Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren buruak agerraldia egin du gaur hedabideen aurrean, Eusko Legebiltzarraren atarian. Herri honek bizi duen egoera ekonomiko eta sozialaren inguruan elkarrizketa zabal eta egituratua irekitzeko beharra nabarmendu du Otxandianok bere hitzaldian.
Agerraldian, gogora ekarri du EH Bilduk testuinguru ekonomikoarekiko eta ziurgabetasunarekiko kezka adierazi zuela joan den urtarrilaren 28ko Forum Europan. Ordutik, hainbat ekimen landu ditu EH Bilduk, tartean industria politika proaktibo baterako proposamena.
Azken asteetan, hainbat gertakarik EH Bilduren ezinegona areagotu dutela azpimarratu du buruzagi subiranistak, batez ere enpresa eta industriei dagokienez. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak Talgoren gisako operazioetan izan duen jarrera positiboki baloratzearen garrantzia ere aipatu du.
Era berean, Otxandianok Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko beharrean jarri du fokua, eta EH Bilduren arabera, neurri horrek gehiengoaren babesa du. Horrez gain, kezka agertu du fiskalitatearen alorrean behar adinako sakontasuna eta anbizioa duen eztabaidarik ez dagoelako, herri honek behar duen eredu ekonomiko eta sozialaren inguruko eztabaida estrukturala ezinbestekoa dela iritzita.
EH Bildutik uste da gai horiek guztiak barne hartuko dituen elkarrizketa publiko zabala irekitzeko unea dela, epe motzeko eztabaidak saihestuz eta epe luzeko ikuspegiaren alde eginez. Herritarren ongizatea bermatzeko gai izango den eredu ekonomiko eta soziala definitzeko beharra planteatzen du alderdi subiranistak.
Ildo horretan, Otxandianok iragarri du EH Bilduk bilera erronda bat jarriko duela martxan sindikatuekin, enpresa erakundeekin eta bestelako eragile ekonomiko eta sozialekin datorren astelehenetik aurrera. Topaketa hauen helburua egungo egoera ekonomikoaren diagnostikoa partekatzea eta osatzea izango da, eragile ezberdinen iritziak eta proposamenak jasoz.
EH Bilduren aldetik, bilera horietan Pello Otxandianok Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren buru gisa, Nerea Kortajarenak Programa idazkari gisa eta Ander Goikoetxeak politika industrialeko arduradun gisa hartuko dute parte. EH Bilduren ustez funtsezkoa da iritziak eta proposamenak jasotzea, ziklo ekonomiko berriari aurre egiteko modurik onena definitzeko.
EH Bilduren ustez, ziklo berri honek kalitatezko zerbitzu publikoak, lan baldintza duinak eta politika industrial proaktiboa bermatu behar ditu, eredu ekonomiko eta sozial justuago eta berdinago baterantz aurrera egiteko helburuarekin.