AKTUALITATEA

Ekonomia | 2025-04-07

EH Bilduk bilera egin du Petronorreko zuzendaritzarekin, enpresak berak hala eskatuta. Bilera Muskizen dituen instalazioetan izan da, eta, bertan, Petronor garatzen ari den proiektu nagusien berri izan dugu.

EH Bilduren izenean, Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko EH Bilduren buruak; Mikel Otero trantsizio ekologikoko arduradun eta Diputatuen Kongresuko diputatuak eta Ander Goikoetxea Gasteizko Ganberako industria politikako arduradun eta legebiltzarkideak hartu dute parte.

Findegitik, berriz, Jose Ignacio Zudaire, Petronorreko kontseilari delegatu eta kontseilariaren albokoa, eta Manuel Nuñez, Petronor Innovacióneko zuzendaria, izan dira.

Gure herriaren etorkizun energetikorako funtsezkoa den une batean gertatu da bilera hau. Argi eta garbi adierazi dugu bertan, eta publikoki errepikatzen dugu orain: trantsizio energetikoa blokeo egoeran aurkitzen da eta egoera hau desblokeatzea lehentasun politiko eta sozial garrantzisua da EH Bildurentzat.

EH Bildutik gardentasun osoz helarazi dizkiogu Petronorri gure jarrerak. Trantsizio energetikoaren aldeko itun sozial zabala bultzatzeko beharra defendatu dugu, legedian jada jasota dagoen ituna, martxan egon beharko lukeena, eta hala ere garatu gabe jarraitzen duena.

Gure ustez, itun hori erakunde, alderdi, eragile sozial, sindikatu, esparru akademiko eta enpresen artean eraiki behar da. Soilik horrela ziurtatu ahal izango dugu trantsizio energetiko ordenatua, justua, demokratikoa eta gure lurraldearen eta gure komunitateen ezaugarrietara egokitua.

Garraio sare elektrikoarekiko kezka ere adierazi dugu bileran. Azpiegitura estrategiko honen inguruan erabakitzeko gaitasun handiagoa izan beharko genukeela uste baitugu, baita inbertsio publikoa nabarmen handitzea ere, eskari energetikoaren eta berriztagarrien hedapenaren erronkei aurre egiteko.

Era berean, "neutraltasun teknologikoa" delakoari buruz dugun ikuspegi kritikoa helarazi dugu, erregai fosilen erabilera mantentzeko eta deskarbonizazioa moteltzeko aitzakia gisa balio baitu, ebidentzia zientifikoen aurkakoa izatearekin batera. Alde horretatik, argiak izan gara: ezinbestekoa da erregai fosilak atzean utzi eta %100 berriztagarria den sistema baterantz bidea egitea irmotasunez.

Petronorrek sustatzen duen hidrogeno berdearen eta erregai jasangarrien proiektua ezagutu dugu, eta gure balorazioa partekatu dugu: erabilgarria izan daiteke sektore jakin batzuetarako, baina gure apustu estrategikoa energia-sistemaren elektrifikazio orokorra da.

Horregatik guztiagatik, publikoki berretsi nahi dugu elkarlanerako prestutasuna, baina baita anbizio politikoarekin jokatzeko borondate irmoa ere, trantsizio hau herritarrei bizkarra emanda egin ez dadin bermatzeko.

Euskal Herriak trantsizio energetiko justua, burujabea eta demokratikoa egin behar du. Eta EH Bilduk determinazioz lan egingo du hala izan dadin.