AKTUALITATEA

| 2021-12-02

Maddalen Iriartek agerraldia egin du gaur Eusko Legebiltzarrean EAEko aurrekontuetan abstenitzeko Eusko Jaurlaritzarekin lortutako akordioa azaltzeko. Hona hemen agerraldia osorik:

 

Atzo jakinarazi genuenez, EAJ-PSEren Jaurlaritzarekin akordio bat lortu dugu 2022ko aurrekontuetan hobekuntzak sartzeko, gure abstentzioaren truke. Hobekuntza horiek 253 milioi euroko balioa dute, eta eragin zuzena izango dute euskal herritarrengan, besteak beste, osasungintzan, larrialdi klimatikoan, gazteen emantzipazioan eta Ikerketa eta Garapenean.

 

Pozik gaude, batez ere beren bizi-baldintzak hobetzen ikusiko dituzten pertsona eta kolektibo horiengatik, eta azkenean lortu dugulako Gobernu hau mugitzea eta berebiziko garrantzia duten hainbat aldarrikapen onartzea

 

Jakina, hauek ez dira EH Bilduk egingo zituen aurrekontuak; hauek ez dira erronka handiak parean ditugun honetan gure herriak behar dituen aurrekontuak. Baina badakigu aurrekontu proiektuan hobekuntzak sartzea lortu dugula, eta hobekuntza horiek erantzun hobea ematen dietela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek dituzten beharrei.

 

Ezer baino lehen, komenigarria deritzot EH Bilduk abstenitzeko erabakia zein irizpideren arabera hartu duen kontestualizatzeari. EH Bilduk bere akordioak edukien arabera lantzen ditu, eta akordio horiek jendearen bizi baldintzetan eragina izatea lehenesten du.

 

Hala egin dugu Nafarroan, Madrilen eta baita Jaurlaritzarekin egindako akordio honetan ere. EH Bildu beti dago akordioetara iristeko prest, Espainiako ultraeskuinekin izan ezik, baldin eta akordio horiek pertsonen bizi kalitatea hobetzen badute. Atzo iragarri genuen akordioak berrestu du egiten duguna esaten dugula eta esaten duguna egiten dugula.

 

Baina, era berean, uste dugu komenigarria dela azpimarratzea aurrekontu horiek onartuta zeudela EAJk eta PSEk duten gehiengo parlamentarioari esker. EH Bilduk hainbat hobekuntza egin ditu aurrekontu proiektu honetan.

 

Lehen esan bezala, hauek ez dira gure aurrekontuak, ez dira EH Bilduk Jaurlaritzan egongo balitz egingo lituzkeen aurrekontuak. Baina ate bat ireki zitzaigun, hobekuntza batzuk sartzeko aukera ematen zuena, eta horixe egin dugu. Jakin badakigu ez dugula lortu herri honek dituen premiei erantzun ahal izateko aurrekontu proiektu honek eskatzen zituen egiturazko aldaketak egitea, baina, era berean, badakigu aurrekontuak hobeak direla Gobernuak aurkeztutakoak baino.

 

Aurrez aurre genuen aukera honako hau zen: abstenitu eta aurrekontu horietan zenbait hobekuntza sartzea lortzea, edo adostutako hobekuntzarik gabe utzi Osakidetza eta haren erabiltzaileak eta langileak, energia-krisiari aurre egin behar dioten pertsonak, klima aldaketaren aurka egunero borrokatzen direnak, emantzipatu nahi duten gazteak. Ez dugu zalantzarik izan.

 

Gure lehentasuna herritarren ongizatea eta bizi kalitatea dira, eta horretan oinarrituta hartu dugu abstenitzeko erabakia. Izan ere, uste dut denok izan behar dugula argi: EH Bilduk ez badu erabaki hori hartzen, hobekuntza horiek guztiak ez ziren aurrekontuetan sartuko.

 

Azaldu dizuedan bezala, pozik gaude Jaurlaritzarekin lortutako akordioagatik, baina baita Gobernu hau eta bereziki EAJ mugitzea lortu dugulako.

 

Urteetan errepikatu izan dute ezinezkoa zela EH Bildurekin akordiorik lortzea edota aurrekontuetako akordioa beste edozein akordio politikotatik bereizi behar zela. Egiaztatu ahal izan dugu hau ez dela horrela, eta ez da inoiz horrela izan.

 

Akordio politikoak lortu ditugu gutxieneko soldatari buruz, alokairuei buruz eta Ikerketa eta Garapeneko politikari buruz. Aurrekontuetan hobekuntzak ekarriko dituen akordio bat lortzeko atea irekita ikusi dugunean, egin dugu. Hori da errealitatea, eta beharrezkoa ikusten dugu hura kontatzea eta azpimarratzea.

 

Akordioaren edukiei dagokienez, ez naiz gehiegi luzatuko, atzotik zuen eskuetan duzuelako. Baina aurrekontuetan honako hauek sartzea lortu dugu: 30 milioi euro Osakidetzako lehen mailako arretarako; 120 milioi larrialdi klimatikoari aurre egiteko; 4 gehiago ongizate energetikoa bermatzeko, egoera zaurgarrian dauden pertsonek energia gastuei aurre egin ahal diezaieten; 20 milioi gizarte politikak indartzeko, 2 milioi gazteei emantzipatzen laguntzeko.

 

Hori neurri ekonomiko zehatzei dagokienez, baina akordio politikoak ere egon badaude:

 

Jaurlaritzak Ikerketa eta Garapenean egiten duen inbertsioa %12 igotzeko konpromisoa lortu dugu eta, hala, 2023 eta 2024an akordio horren inpaktu ekonomikoa 149 milioikoa izango da guztira. Hau da, gure herriaren garapen industrial eta teknologikorako funtsezkoa den arlo horretan Gobernuak inoiz egin duen inbertsiorik handiena egingo du akordio politiko zehatz honi esker.

 

Eta ez da akordio politiko bakarra. Jaurlaritzak enplegu eta elkarrizketa sozialeko esparru guztietan Gutxieneko Soldata propio baten beharra defendatu eta sustatuko du, Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errentarekiko proportzionala izango dena.

 

Eta etxebitza arloari dagokionez, alokairuen prezioak kontrolatzeko sistema bat martxan jarriko du.

 

Hori lortutako akordioei dagokienez, baina beste atal batzuetan ezin izan dugu akordiorik lortu, Gobernua erabat itxi delako. Zerga politikan eta adinekoen egoitzetako politikan aldaketak planteatu dizkiogu. Ikus-entzunezko sektorea indartzeko akordio politikoa ere proposatu diogu, esparru komunikatibo osoan euskara arautzea ekarriko luketen neurriak.

 

Oraingoan, baina, horiek adostea ezinezkoa izan da, Gobernuak ez dituelako gure proposamenak aintzat hartu nahi izan. Lehen esan dugunez, oraingoan Gobernua gai batzuetan mugiaraztea lortu dugu, eta ziur gaude negoziazio honetan egiteke geratu zaizkigun gaietan ere Gobernua mugitzea lortuko dugula, errealitate eztabaidaezin baten aurrean baikaude: lehenago edo geroago, herri honetan seriotasunez eta zorroztasunez ekin behar diegu eztabaida fiskalari eta erresidentzien eta zaintzen ereduari.

 

Azken batean, gure abstentzioari esker, aurrekontuetan hobekuntza batzuk sartzea lortu dugu. Hala egin ez bagenu, hobekuntza horiek ez lirateke aurrekontuetan egongo. Euskal herritarrek dituzten premiei hobeto erantzutea lortu dugu; eta lortu dugu Jaurlaritza honek bere jarrera immobilista alde batera uztea eta EH Bildurekin akordioak lortzeko bidea irekitzea.