Jaurlaritzak Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroa deitu du biharko, etxebizitza-larrialdiko testuinguru batean, etxebizitza herritarren kezka handienetako bat bilakatu den une batean. Gizarteak erantzunak eskatzen ditu, bai eta Jaurlaritzak bere erantzukizunak bere gain hartzea ere, baina, EH Bilduren iritziz, bihar lehendakariak aurkeztuko duen foroa ez doa norabide horretan; ekimen hori ez da arazoari errotik heltzeko benetako ahalegin bat, marketing operazio bat baizik.
Beharrezkotzat jotzen dugu gogoetarako eta herritarren parte-hartzerako espazioak irekitzea, bai eta erabakiak hartzeko eta iritziak jasotzeko guneak artikulatzea ere. EH Bildu da, berez, herritarren parte-hartzearen eta erabaki kolektiboen bermea gobernatzen duen tokietan; horregatik salatu eta gure desadostasuna adierazi behar dugu indar politikoak Hirigintza eta Etxebizitza Foro horretatik kanpo utzi dituztelako. Legebiltzarra da tokia, eta hala aldarrikatzen dugu, bizitegi-larrialdiari aurre egiteko abian jarri behar diren politika publikoei buruz eztabaidatzeko. Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da gobernatzeko orduan, baina ezin da aitzakia izan eztabaida politikoa eta ereduen kontrastea saihesteko.
Testuinguru horretan, bereziki kezkagarria da Ogasun Sailak berak ere zalantzan jarri izana foro horren figura, funtzionamendua eta eraginkortasuna, 2024ko abenduaren 3ko txosten batean. EAJ-PSE Gobernuaren barne kontraesanak agerian geratu dira berriro ere, eta kezkatzekoa da, hori beharrezkoak diren konponbideen kaltetan doalako.
Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak 2006ko Lurzoruaren Legea berritzeko helburuarekin antolatu du Hirigintza eta Etxebizitza Foroa. Etxebizitza promozio berrietan etxebizitza babestuetara legez bideratu beharreko gutxieneko portzentajea murrizteko asmoa plazaratu du jada, %75etik %65era edo %60ra jaisteko. Balizko neurri horren ondorioez ohartarazi behar dugu ezinbestean, babes publikoko etxebizitzen parkea handitzeko helburuaren aurkako norabidean doalako. Kontraesana bistakoa da, eta EH Bilduk ez du atzerapauso bakar bat ere onartuko Lurzoruaren Legean. Itxasok proposatutako aldaketa horrek ondorio negatibo larriak izan ditzake etxebizitza parke publikoak behar duen hazkundean, babes publikoko etxebizitza kopurua murriztea ekarriko lukeelako, bai eta promotore pribatuak saritzea ere.
2025eko aurrekontuen negoziazioak agerian utzi zuen EAJri eta PSEri borondate politikoa falta zaiela etxebizitzaren arazoari aurre egiteko. Etxebizitza parke publikoa handitzeko eta higiezinen merkatuan esku hartzeko EH Bilduren proposamena atzera bota zuten, inolako azalpenik gabe. Proposamen hori, “Etxebizitza politika berri baten beharrari buruz” izenekoa, 2024ko abenduaren 12an argitaratua, indarrean dago oraindik ere, eta aukera bat da etxebizitzaren arazo larria konpontzeko.
Aldiz, EAJ-PSEren ezezkoarekin topatzen gara, Jaurlaritzari dagozkion erantzukizunak udalen gain uzteko saiakerarekin. Jarrera arduragabea da, ke-lainoa gobernukideen arteko desadostasunak ezkutatzeko, hor baitago premiazkoak diren neurri eraginkorrak hartzea eragozten duen blokeo egoera honen arrazoia. Jakin badakigu EAJ nahita blokeatzen ari dela tentsio handiko guneak izendatzeko udalak egiten ari diren lan eskerga, eta hori onartezina da.
EH Bilduk argi du 2025. urteak inflexio-puntua izan behar duela bizitegi-larrialdiari erantzuteko. Alde horretatik, konponbideetan aurkituko gaituzte, bai maila lokalean, tentsio handiko guneak izendatuz, etxebizitza hutsei kanona aplikatuz, pisu turistikoei mugak ipiniz eta beste neurri asko hartuz, bai parte hartzen dugun eskala instituzional guztietan, legeak eginez eta proposatuz. Borondate politikoa ezinbestekoa da etxebizitzaren arazoa konpontzeko, eta guk badugu.