AKTUALITATEA

| 2022-02-10

Pello Otxandiano EH Bilduko Programa Zuzendaria elkarrizketatu dute Radio Euskadiko Boulevard saioan.

Zer fasetan dago hezkuntza legea?
Hasierako fase batean gaude. Hezkuntza munduko 100 eragilek baino gehiago hartu dute parte hezkuntzaren inguruko eztabaidan eta orain, fase erabakigarri batean sartu gara: akordio batera iristeko unea. Badago testu ofizial bat eta ekarpenak egiteko unea da. Orain ikusiko dugu ponentzia horretatik txosten bat ateratzeko gai garen, eta hori hala izatekotan, akordio batera iritsi garela baieztatu ahalko dugu.

Guk adierazi genuen ulertzen dugula testu horretan akordio batera iristeko osagai nagusiak daudela, baina noski, hobetu ere egin daitekeela. Hezkuntzako eragileek haien ekarpenak egitea ere nahi dugu.

Generoaren gaia esaterako nahiko desitxuratuta geratu da eta arlo linguistikoan ere aurrera pausoak eman daitezke, hobetu daitezkeen gaiak dira, gobernantza bezala... Helburua ahalik eta testu argi eta zehatzena osatzea izango da.

Publikoa zentroan
Akordio espazio bat osatu nahi dugu, jakitun baikara oso eztabaida polarizatu batetatik gatozela. Zein da batzen gaituen asmoa? Publikotasunaren oinarria zein den definitzen jakitea, zer eskaintzen digun ulertzea. Behin hori ulertuta, konpromisoak exijitu beharko zaizkie zentroei; horrekin kontzertazio unibertsalarekin amaituko genuke eta urratsak eman ahalko genituzke eredu deszentralizatu baterantz, sistema bera errotik eraldatuz. Espazioak berregituratu behar dira, gure iparrean kokatzen dena sistemaren egiturazko aldaketa bat da, eta orain horren oinarriak jartzea da gakoa, akordio sendo bat onartzea, estatu ikuspuntua biltzen duena.

Gure eredu propioa josi behar dugu, inor kopiatu gabe. Arlo linguistikoan badago kontsentsu zabal bat. Izan ere, egun indarrean dagoen hezkuntza legeak zehazten dituen helburuak konpartitzen ditugu, hots, ikasle guztiek B2 maila eskuratzea bai euskaraz zein gazteleraz beharrezko hezkuntza amaitzean. Badakigu egun, ez A ereduak, ez B ereduak ezta D ereduak zenbait kasutan ere, ez dutela helburu hori betetzen, beraz nahitaezkoa da aldaketak egitea.

Kontzertatua
Planteamenduaren ardatz nagusia sistema publikoa eta eskola publikoa dira. Esaten dugun bezala, kontzertazio unibertsalaren amaiera da planteatzen duguna. Helburua, eskola pribatuari konpromiso tasatuak betearaztea da, finantziazio publikoaren trukean; ulertzen dugu, horrela, jauzi kualitatibo bat emango dugula eskola publikoaren baitan.

Gainera, mekanismo zuzentzaileak gehitzen baditugu, doakotasuna, unibertsaltasuna edota segregazioaren aurkako estrategia planifikatu bat bezalako mekanismoak izango ditugu. Eskola mapa errealitate berrira berregokitzen eta berdimentsionatzeko gai bagara, jauzi kualitatibo bat emango genuke eta eskola publikoa hegemonikoa bilakatuko litzateke. Hori ondo eginez gero, termino kuantitatiboetan ere hegemoniko bilakatuko dela uste dugu. Hemen gakoa zera da, zer jartzen dugun erdigunean, eta guretzat kalitatea da ezaugarririk funtsezkoena.

Era berean, ikasleek kalitatezko hezkuntza bat jasotzeko duten eskubidea dugu, eta hirugarren tokian, herri bezala ditugun erronkak. Hezkuntza, herri bat oinarri nagusietako bat da eta ulertzen dugu akordio batera ez heltzea ez dela aukera bat, mehatxu handiak ditugulako aurrean: jaiotza-tasa baxua, segregazioa, euskalduntze falta...

Podemos
Nik uste dut akordioaren parte izan beharko liratekeela, eta saiatuko gara hau hala izan dadin. Analisiak elkartrukatu ditugu, gaiaren inguruan hitz egin dugu eta, nik uste, antzeko erronkak konpartitzen ditugula. Desadostasunak aparte, posible da akordio zabal hori erdiestea. EH Bildurentzat garrantzitsua da haiek ere parte izatea.

Akordioak
Guretzat garrantzitsua da mundu guztiarekin harreman ona izatea. Erakutsi dugu gainera ia guztiekin akordioetara iristeko gai garela. Hezkuntza eztabaidan ordu asko inbertitu ditugu eta nik uste, berri on bat dela ikustea ikuspegi orokor baten baitan bat egiteko gai garela, ikusiko da.

Ezin dugu hezkuntzaren inguruko eztabaida Valladolid-en egongo bagina bezala planteatu. Gu estaturik gabeko nazio bat garelako, diglosia egoeran dagoen hizkuntza bat dugulako eta, beraz, argi dago ezin dugula termino berdinetan garatu.