AKTUALITATEA

Hauteskundeak | 2024-04-08

Idurre Bidegurenek senatariak Kultura politikari astindua eman behar zaiola esan du gaur, eta EH Bildurentzat kulturak duen izaera estrategikoa azpimarratu du, «kultura gu, euskal herritarrok, gero eta homogeneoagoa den mundu globalizatu honetan kokatzeko modua baita. Kulturaren bidez eta kulturatik ere herritarrentzako elkargune bat eraikitzen da, gure nortasuna kolektibo gisa garatzeaz gain». Bidegurenek kanpainako ekitaldi batean parte hartu du, Orereta-Errenterian, bertako alkate Aizpea Otaegirekin batera.

Senatariak Kultura politikak «astindua behar». duela azaldu du, «arlo horretan ere errealitatea izugarri aldatu delako azken urteotan eta Jaurlaritzak duela hamarkada bateko kultur politika bera egiten jarraitzen duelako, berritasunik gabe, apustu estrategikorik gabe». Hori dela eta, egoera hori iraultzeko, «kultura politikak astindua behar du, euskal kulturan eta euskal sortzaileen artean dauden heldutasuna, aberastasuna eta maila profesionala ez datozelako bat instituzioetan egiten den politika eskasarekin». Urkulluren eskutik gertatu ez bezala, «kultura partekatu bat behar dugu, kulturgintzan ari diren eragileak aintzat hartuko dituen kultura politika bat, sorkuntza bera prestigiatuko duena, lanpostuak sortuko dituena eta daudenak mantentzen lagunduko duena, euskal kultura eta euskara indartzeko eta biziberritzeko giltza izango dena».

Horren ildotik, kulturaren sektorean baldintza eskasak eta zaurgarritasuna orokorturik daudela gogorarazi ostean, Bidegurenek Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Euskal Estatutua garatzeko konpromisoa adierazi du, egungo egoera hori zuzentzeko. Izan ere, Estatutu horrek «ditugun lanabesak eta eskumenak ahalik eta gehien zukutzea ahalbidetuko luke, oinarriko kultura adierazpenak indartzeko eta defendatzeko, horiek direlako ekosistema kulturalaren oinarria, eta ez termino monetarioetan soilik neurtzen diren mega-proiektuak eta makro-ekitaldiak; eta hori ez ezik, sektorean lan baldintza duinak eta kudeaketa demokratikoago bat bermatzeko aukera ere emango luke».
 


Artistaren, Sortzailearen eta Kultur Langilearen Estatututik harago, senatariak bestelako proposamenak ere ipini ditu mahai gainean, hala nola, Euskal Kulturaren Zentroa sortzea, kultur politikak ekosistemako eragileen artean diseinatzeko bilgunea izango litzatekeena; Kulturaren Plan Estrategikoa berdefinitzea, sektoreko eragileen parte hartzearekin eredu berri baterako jauzi bat emateko; Eskubide Kulturalen Legea onartzea, Kultura oinarrizko eskubide bihurtzeko; Jaurlaritzak Herri Lanetarako duen aurrekontuaren %1 Kultura sustatzera eta ondarea babestera bideratzea; Mezenasgoaren Legea onartzea, onura fiskalak eta mikromezenasgoa erregulatzeko; Zinemaren Euskal Legea ere onartzea, emanaldien euskarazko gutxienekoa, adibidez, bermatuko duena; Zinema Euskaraz programaren finantzazioa hobetzea; emakume artisten egoerari buruzko azterketa sakon bat egitea, haien lana eta presentzia ikustarazteko, 40 urteetan Jaurlaritzak apenas hartu dituelako aintzat, eta publikotasuna eta doakotasuna bultzatzea arte eta kultura ekipamenduetarako sarbidean.


Bidegurenek bezala, Aizpea Otaegi Orereta-Errenteriako alkateak ere Kulturaren izaera estrategikoa nabarmendu du, besteak beste, «herritarren ongizate integrala bermatzeko eta herri baten garapen sozio-ekonomikoan eragiteko duen gaitasunagatik». Azaldu duenez, EH Bildu azken urteotan Orereta-Errenterian arlo horretan egiten ari den politikak gogoeta horien ondorio dira, eta «lotuta daude herrian dugun kultur-eragileen sarea eta ekosistema indartzearekin, eragileen lana aitortuz, euren lanaren ezagutza sustatuz, lanerako baldintza materialak hobetuz eta euren arteko elkarlana bilatuz». Alde horretatik, alkateak politika horien emaitza diren bi proiektu azpimarratu ditu: Lekuona Fabrika eta Kultur eta Sormen Industriaren esparruko Agustinak proiektua.