AKTUALITATEA

| 2026-01-23

Ezkutu Soziala 2026 osoan mantentzeko Espainiako Gobernuarekin egin dugun akordioa asteartean iritsiko da Diputatuen Kongresura. Joan den urtearen amaieran lortu genuen akordioari berebiziko garrantzia ematen diogu, egunerokoan zailtasun ekonomiko eta sozialak dituzten milaka pertsonentzat oinarrizko babesa delako. Oraindik ere oso beharrezkoa dena, eta inolaz ere galdu ezin dutena.

Adostu ditugun neurrien artean, hauek daude: bizitoki alternatibarik ez duten familia zaurgarrien etxegabetzeak debekatzea; oinarrizko horniduren (argia, ura eta gasa) mozketak debekatzea; eta bonu sozial elektrikoa luzatzea. Neurri horiek bertan behera geratu behar ziren 2025eko abenduaren 31n, baina Espainiako Gobernuarekin lortu dugun akordioari esker, gutxienez 2026 urte osoan egongo dira indarrean. 

Akordio honekin erakutsi dugu lan serio, diskretu eta etengabeak fruituak ematen dituela beti. Baita zarata, krispazio eta lokatzetik urrun mantentzeak ere. Horregatik, konpromisoa hartzen dugu lanean jarraitzeko euskal herritarren bizi baldintzak duintzeko, aukera leihoa aprobetxatzeko eta gehiengo sozialentzat hobekuntzak eskuratzen segitzeko.

Euskal herritarren zerbitzura dagoen tresna eraginkor gisa berresten dugu EH Bilduk, eta berriz ere erakusten dugu interes orokorra eta herrialdea lehenesten ditugula edozein alderdi interesen aurretik. Lehenik, jendea eta pertsonen bizi-segurtasunaren bermea; eta horretarako, ezinbestekoa da lankidetza.

Espero dugu indar politiko guztiek arduraz eta erantzukizunez jokatzea astearteko bozketan, eta Ezkutu Soziala mantentzeko hain beharrezkoa den dekretu honen alde bozkatzea. Asko baitugu jokoan.