Gobernantza eredua aldatu behar delako, EAJk eta PSEk elkarlanari muzin egiten diotelako eta elkarrizketari bidea ere ematen ez diotelako, abstentziora joko dute EH Bilduren ordezkariek Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkargoaren aurrekontuak onartzeko bozketan. Bihar, ostirala, egingo da Eudelen batzar nagusia, eta ordurako ezker subiranistak mahai gainean jarritako eskaerak kontuan hartzen ez badira, Eudelen aurrekontua onartu gabe gera daiteke.
Batzar Nagusiaren 3/5n behar dira aurrekontuak onartzeko, eta egun Eudelek daukan osaerarekin, EAJren eta PSE-EEren botoak ez dira nahikoak. Ezker subiranistak azpimarratu duenez, aurreko udal hauteskundeen ondorioetako bat izan zen ziklo politiko aldaketa eta horren ondorioak ere iritsi zirela Eudelera, baina horrek ez du ekarri ezinbestekoa den gobernantza ereduaren aldaketa. Izan ere, azken urteetako joerari eutsi zaio Eudelen: EAJk eta Eusko Jaurlaritza zein Diputazioek mahai gainean jarritako eskaerak bai hartzen dira kontuan eta beste guztiak ez dira aintzat ere hartzen. Baina botere oreka aldatu egin da Eudelen, eta ezinbestekoa da proposamen eta eskaera guztiak aintzat hartzea; hau da, gobernantza ereduaren aldaketa behar da. “Eudelen aldaketa egon da, gehiengoak aldatu dira, eta egiteko modua aldatu behar da. Nagusikeria alde batera utzi eta elkarlanari bidea eman behar zaio”, esan du Nagore Alkorta Eudeleko lehendakariordeak eta Azpeitiako alkateak.
Lau dira, hain justu, EH Bilduk mahai gainean jartzen dituen eskaerak, Eudelen aurrekontuak onartu ahal izateko.
Urtarrilaren 8ko gobernantza batzordean eta urtarrilaren 9ko batzorde eragilean, EH Bilduk bere kezkak eta eskaerak mahai gaineratu zituen. Baina ez ziren aintzat hartuak izan. Orain, Eudelen batzar nagusia egiteko eta aurrekontuak onartzeko bozketa egiteko 24 ordu baino gutxiago falta direnean, ezin da jakin Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalen elkargoaren hurrengo urterako aurrekontuak onartuko diren edo ez. “Proposatu ditugun eskaeren gaineko elkarrizketa eskatu diogu EH Bildutik EAJri, baina muzin egin diote hitz egiteari eta elkarlanari”.