AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-09-23

Unai Urruzuno EH Bilduko Koordinatzail Nagusiaren Ondokoak azaroaren 12an EH Bilduk Bilbon egingo duen manifestazioaren aurkezpena egin du:

Geroz eta gehiago dira datorren negua benetan latza izango dela dioten ahotsak. Eta ez zaie arrazoirik falta. Bizi dugun testuinguruak, ez dakar aurreikuspen onik. Zalantzarik ez dago. Egoera kezkagarria da. Oso. Horrek ez du esan nahi, ordea, gure bizitzak zeharkatzen dituzten arazoek aterabiderik ez dutenik. Soluzioak egon badaude. Arrisku beste aukera ditugu eskura. Eta beraz, bizi dugun erronkari tamainan erantzuteko deia luzatu nahi dugu EH Bildutik.

Batzuen ustez, agintean dauden horiek diotenez, egoera hau fenomeno meteorologiko baten antzerakoa da. Kasualitatea. Ekaitza bat. Eta beraz, haien errezeta argia da: neurri paliatiboak eta erresignazioa. Hau da, ekaitzaren erdian ahalik eta gutxien bustitzea, egoera honetara ekarri gaituen norabidea zalantzan jarri gabe.

Guk ordea badakigu gauzak ez direla horrela. Sistema kapitalista basati batek ekarri gaitu egoera honetara, eta planetak jada, ezin dio erritmo honi eutsi. Elite ekonomiko batzuen mesedetan hartutako erabakiek eraman gaituzte egoera honetara: bankuak, elektrikak, multinazionalak... eta haiek inoizko irabazi handienak pilatzen dituzten bitartean, negurako prestatu gaitezela esaten digute, jakitun milaka familiek ezingo diotela etengabe eta era basatian gora doazen prezioen erritmoari eutsi.

Baina guk ez dugu hori onartuko eta horregatik esperantza aktiborako dei bat luzatu nahi dugu: Abante! Ezker independentismoak badu txalupa sendoa eta iparrorratz argia ere. Ekaitzari aurre egingo bazaio, ezkerretik eta burujabetzatik izango delako!

Zenbat bider esan ote diote herri honi otzan eta isilik egon behar dela. Beraiek konponduko dituztela gure arazoak. Guk ez diogu inoiz inori itxaron gauzak konpontzeko, eta orain ere ez dugu egingo, jakin badakigulako beraien azken helburua ezer ez aldatzea dela. Herri honek sarritan erakutsi du bidegabekeriei erantzuteko gaitasuna, herri hobe bat guztion elkarlanarekin eraikitzeko borondatea eta gaitasuna. Gure gaitasun eta inteligentzia kolektibo osoa berriro martxan jartzeko unea da. Euskal olatua berriro martxan jartzeko unea da. Azaroaren 12an Bilbon, euskal olatua-ezker olatua martxan jarriko dugu!

Abante! Hori da EH Bilduk bizi dugun krisiaren aurrean egindako hautua. Aurrera egiteko hautua. Izan ere, jada ez da nahikoa gainbeheran doan sistema honek sortutako injustiziak baretzeko neurri paliatibo batzuk hartzearekin. Jada ez du balio gerraren ondorioen aurrean erantzutearekin. Hori guztia beharrezkoa da, bai. Baina egoera benetan eraldatu nahi badugu, ezinbestekoa da herri honen norabideari 180ºko bira ematea, eta etorkizunera eramango gaituen lema herritarren esku uztea.

Hemen ere badaudelako erantzuleak: politika publikoak eliteen mesedetan egiten dituztenak. Hemen ere badirelako pobretzearekin aberasten ari direnak: Petronor, Iberdrola. Baina hemen ere badagoelako aldaketarako aukera. Horregatik, etxean geratu eta ekaitza igaro arte itxaron ordez, guk, Abante! egin eta kaleak hartzeko deia luzatu nahi dugu. Iaz Bilbon sortutako mareak, aurten olatu geldiezin bat sortu dezan, krisiek sortutako hormak gainditu ahal izateko. Esperantza aktiboaren unea da.

Erresignatuta nahi bagaituzte, guk A12an Bilboko kaleak hartuko ditugu. Etxean eta otzan nahi bagaituzte, guk Bilbon esango diegu ez dugula egoera hau onartzen.

Gauzak ezin direla aldatu esaten badigute, guk aldaketaren oinarria eramango dugu Bilboko kaleetara.

Gure herriaren edo bizitzen gaineko erabakirik ezin dugula hartu esaten badigute, guk erabakitzeko eskubidearen ikurra erakutsiko dugu Bilboko kaleetan.

A12an, geldiezinak garela erakutsiko dugu. A12an Euskal Olatua martxan dela erakutsiko dugu. A12an, a desbordar!