AKTUALITATEA

| 2025-03-27

Joan den otsailean EH Bilduren III. Kongresua egin ondoren –Arnaldo Otegi alderdiko idazkari nagusi izendatu zuten eta Miren Zabaleta Nafarroako arduradun politiko berrautatu zuten–, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak berrantolaketa bat egin du taldea indartzeko helburuarekin.

Berrantolaketa hau alderdi subiranistak maila nazionalean bultzatu duen berritzearen baitan kokatzen da eta talde parlamentarioa indartzea bilatzen du, baita alderdiaren zuzendaritzarekin koordinatuta lan egitea ere. “Ia legealdiaren erdian gaude, eta une erabakigarriak bizitzen ari gara, bai Nafarroan, bai estatu eta nazioarte mailan, konpromiso sendoa behar dutenak egungo bizi-erronkei aurre egiteko”, defendatu dute alderdi subiranistatik.

Hala, orain arte foru parlamentari izan den Arantxa Izurdiaga talde parlamentarioaren koordinatzaile politiko berria izanen da aurrerantzean, eta Kongresuan berritu den Nafarroa Garaiko Idazkaritza eta Mahai Politikoko kide izanen da. Horretarako, Izurdiagak parlamentari aktari uko eginen du gaur foru Ganberan, eta bere eserlekua Oihana Gallok hartuko du, EH Bilduren Nafarroako Parlamenturako hauteskunde zerrendan hurrengoa denak.

Era berean, Mikel Zabaleta, Hegoaldeko Mahai Politiko berriko kidea, talde parlamentarioaren ondoko bozeramailea izanen da. Hori dela eta, Zabaletak Nafarroako Parlamentuko Mahaian bigarren idazkari gisa duen lekua Adolfo Araiz parlamentariak beteko du.

Horrela, EH Bildu Nafarroako talde parlamentarioa sendotuta geratzen da premiazkoak diren ekimen politiko eta erronka sozial garrantzitsuetan lan egiteko. “Talde indartsu bat dugu, gaitasun handiko eta aditu espezializatuek osatua, hainbat arlotan eta lan instituzionalean esperientzia militante zabala dutenak. Horrek guztiak Nafarroako EH Bilduren aldetik lan parlamentario erabakigarriagoa ekarriko du, bizi dugun ziklo ekonomiko berriaren aurrean nafar herritarrentzako ongizate bermea izateko xedez”, defendatu dute EH Bildutik.

Ildo horretan, EH Bilduk ongietorria eman dio Gallori foru parlamentari gisa, eta eskerrak eman dizkio Izurdiagari, parlamentari gisa urte hauetan guztietan egin duen lan handiagatik. Azkenik, ziur agertu da bai Izurdiaga eta Galloren, bai Zabaleta eta Araizen balioa eta esperientzia funtsezkoak izanen direla hemendik aurrera koordinatzaile, parlamentari, ondoko bozeramaile eta Mahaiko kide gisa, hurrenez hurren, hartuko duten zeregin garrantzitsurako.

Oihana Gallo San Román (Urdiain, 1981)

Politika eta Administrazio Zientzietan lizentziatua, Demokrazia Partehartzaileko Prozesuetan aditua, eta masterra Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunean masterra, eta Genero-indarkerian Diziplinarteko Eskuhartzean masterra da. Berdintasun eta Herritarren Partaidetzako teknikari lanetan aritu da 11 urtez hainbat toki administraziotan eta Urdiaingo Udaleko zinegotzi izan da bi legealditan. Gaur egun, Sakanako Mankomunitateko Berdintasun teknikaria da 2019tik.