AKTUALITATEA

| 2021-05-21

Irungo udaltzaingoaren auzian epaile batek hartutako erabakia salatzeko Kontseiluak deitutako mobilizazioan parte hartuko du bihar EH Bilduk. Bilboko justizia jauregiaren aurrean egingo den elkarretaratzean parte hartuko dute Maddale Iriarte eta Julen Arzuaga legebiltzarkideek.

EH Bilduk azpimarratu du hasteko eta behin, epaia akasduna dela: hizkuntza eskakizuna zehazteko orduan, erabilerari ez, ezagutzari erreparatzen dio gure araubideak, 86/2097 dekretuak hain zuzen ere.

Bigarren, botere judizialaren gehiegikeria larri baten aurrean gaudela salatu du EH Bilduk, botere banaketa bera auzitan jartzen duena. Botere judizialari ez baitagokio legea aldatzea, eta hori da, hain zuzen ere, egin duena. Sententzia honek 86/2097 dekretuak arautzen duen hizkuntza eskakizunen sistema aldatzen du.

Eta honek guztiak gure autogobernuaren muinean jotzen duela ohartarazi du ezker subiranistak, autogobernuaren oinarrietako bat baita hizkuntza araubidea. Nork esan zuen euskararen normalizazioak eta burujabetza politikoak ez dutela zer ikusirik?

Zentzu horretan, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako eraso larri baten aurrean gaudela nabarmendu du EH Bilduk. Langile publiko batek euskaraz ez jakiteak ez ditu euskal hiztunen eskubideak urratzen euskaldunek gazteleraz ere mintzo direlako, halaxe argudiatzen da. Horrek euskara bigarren mailako hizkuntza bilakatzen du eta euskaldunak bigarren mailako herritar.

Ezker subiranistaren ustez, efentsiba judizial eta politiko bat dago hizkuntza eskakizunen auzian, zeina, esan bezala, euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkakoa den. Egun gutxitan Irungo kasuari Atarrabiako gehitu zaio zaio, Nafarroako Auzitegi Administratiboak baliogabetu egin du Atarrabiako Udaleko lantalde organikoko lanpostu guztietan euskara jakitea meritua edo betekizuna izatea.

Euskaldunen hizkuntza eskubideak urratzen badira, euskal hiztun batek ezin badu euskaraz hitz egin langile publiko batekin euskara ofiziala den herrian, demokrazia arazo larri baten aurrean gaudela azpimarratu du EH Bilduk. Era horretara, euskaldunen eskubideen aldekoek, demokraziaren aldekoek, tonua igo behar duela uste du. Epai honek 82ko euskara legea onartu aurreko garaira garamatzala zehaztu du ezker subiranistak.

82ko euskara legea berritzeko unea dela nabarmendu du. Egoera honek erantzun politiko eta instituzional argia eskatzen du. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko momentua dela esan du ezker subiranistak. Azken urteetan erakundeek euskararekiko beren ardurari iskin egin diotela eta honek inflexio puntu bat markatu behar duela agertu du. Era horretara, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio euskara legea berritzeko prozesua abiatu dezala, eta prozesu horretan euskalgintzako eragileek eta alderdi politikoek parte har dezaten bidea ireki dezala.