AKTUALITATEA

Ekonomia | 2022-09-17

Bi atal nagusi izan ditu aurtengo Konferentzia Politikoak. Bat barnera begirakoa eta bestea, aitzitik, kanporakoa. Lehenbizikoan, Maria del Rio Bilboko alkategaiak harrera egin die Euskalduna Jauregian bildutako hirurehundik gora bilkideei eta ondoren azalpen eta bozkaketa faseei eman zaie bidea. Hasteko, Arnaldo Otegik 2022/2023 Plan Politikoa aurkeztu eta, ondoren, Pello Otxandianok garatu egin du.

Bertaratutakoen iritziak jaso ostean, aurten ere, EH Bilduko militantziak aho betez onartu du Mahai Politikoak aurkeztutako estrategia. Konferentziaren baitan, Kode Etikoa eta Kontu Batzorde eta Kontrol eta Berme Batzordeetarako erregelamenduak ere berretsi dira.

Konferentzian zehar, hitzartze publiko bat ere eskaini du Arnaldo Otegik. Bertan bi ideia nagusi azpimarratu ditu. Batetik, EH Bildu “pegamento” bilakatu behar dela, Euskal Herri luze zabalean bere ildoa jorratu eta ildo kooperatiboaren “bermea” izan behar dela. Bestetik, hitzartzea amaitzeko berri bat ere eman du EH Bilduren Koordinatzaile Nagusiak. Azaroaren 12an, EH Bilduk, Bilboko kaleak hartuko ditu berriz ere, herri olatu geldiezin bat sortu eta esperantzaren banderak gidatuta, etorkizuna eraikiko duen herri bat martxan jartzeko deia luzatu du:

“Badira batzuk, Euskal Herrian ere, eztabaida politikoa beti jaitsiera dinamika batean nahi dutenak, lokatzetan, eta guk uste dugu anbizio politiko handia duen herri txiki honetan tamaina berarekin heldu behar diogula eztabaida politikoari; herri txikia gara baina ez gaude txikikerietarako”

Azaldu duenez, EH Bilduk argi esplikatu du zein den bizi dugun testuingurua, zeintzuk diren aurrean ditugun erronkak eta orain, erronka horiei “aterabideak” proposatzeko garaia heldu da.

“Norabidea aldatu nahi dugu, badakigu zer den aurrean daukaguna, orain egin behar duguna da egoera hau gelditu eta eraldatu. Posiblea da norabide hau aldatzea. Ezker independentismoa prest da erronka horri eusteko. Horregatik ez gara zailtasunetan zentratuko, baizik eta garatu ditzakegun alternatibetan. Hau da gaur herri honi luzatu nahi diogun mezua.

Eta zer egingo dugu? Zeintzuk dira esperantza aktiborako arrazoiak? Proposamenak eskainiko ditugu, alternatiba sendoak. Hemendik gutxira Ongizate Itun baten aldeko proposamena egingo dugu. Herri honetako gehiengo sozial eta langileen defentsa izango dena. Eta premiaz hartu beharreko neurrien dekalogo bat aurkeztuko dugu, neurri aringarriak, baina batez ere estrukturalak. Produkzio eta kontsumo eredua aldatu ezean, planetak ez dio erritmo honi eutsiko. Ezkerrak merkatuan esku hartzearen defentsa egin behar du. Noraino? Jendearen oinarrizko eskubideak bermatuta dauden punturaino.

Horregatik Euskal Estatu Itunak beharrezkoak dira, nazio esparrua indartu eta aurrean ditugun erronka guztiei, energetikoa, zaintza, aldaketa klimatikoa... erantzuteko. Prest gaude hori egiteko. Nahi duten guztiekin, EH Bildu herri honetan estatu itunak eskaintzeko pegamentoa izango da, Euskal Herria batu eta bere luze zabalean sareak sortzeko bermea".

Horretaz gain, hitzartzea amaitzeko berri bat ere eman du EH Bilduren Koordinatzaile Nagusiak. Azaroaren 12an, EH Bilduk, Bilboko kaleak hartuko ditu berriz ere, herri olatu geldiezin bat sortu eta esperantzaren banderak gidatuta, etorkizuna eraikiko duen herri bat martxan jartzeko deia luzatu du:

“Prest gaude Abante egiteko, martxan dagoen herri bat gara eta datorren azaroaren 12an berriz ere Bilboko kaleak hartuko ditugu. Prest gaudelako, indarra erakutsi behar dugulako, herri indarra, indar askatzailea. Azaroaren 12an Bilboko kaleak beteko ditugulako. Ez gaituzte geldituko. Esperantza aktiboaren ikurra altxatu nahi dugu. Jendeari esan diogu nola dauden gauzak, baina orain esan nahi diogu hau aldatu daitekeela eta beste norabide bat eraiki dezakegula”.