EH Bildu eta Esquerra Republicana de Catalunyak bilera izan dugu, gaur goizean, euskal alderdi subiranistaren Donostiako egoitzan. Bertan, munduak eta Espainiako Estatuak bizi duten egoera zail eta itxaropen gutxikoari eman beharreko erantzunak aztertu eta arakatu ditugu.
Bileraren buru izan dira bi indar politikoetako buruzagi nagusiak, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia eta Oriol Junqueras Esquerra Republicana alderdiko presidentea. Euskal alderdi subiranistaren aldetik, Gorka Elejabarrieta harreman politikoetarako Idazkari eta Senatuko bozeramailea eta Idurre Bideguren Senatuko bozeramaile ondokoa eta EH Bilduko Mahai Politikoko kidea izan dira bileran. Esquerra Republicanaren aldetik, Elisenda Alamany idazkari nagusiak eta Oriol Lopez idazkari nagusiaren albokoak parte hartu dute bileran.
EH Bildu eta Esquerra Republicana anai-arrebak gara, independentistak eta ezkertiarrak. Eta beti egingo dugu elkarrekin lan gure proiektuak indartsuagoak eta gure nazioak justuagoak eta askeagoak izan daitezen. Horrexek gidatzen gaitu.
EH Bildu eta Esquerra Republicanaren ustez, une erabakigarria da hau Euskal Herria eta Kataluniarentzat. Espainiako Estatuak egoera konplexua bizi du, inflexio puntu batean baitago, eta erronka berriak ditu aurretik. Zentzu horretan, datozen hilabeteetan eman daitezkeen agertokiak aztertu ditugu.
Estatu espainiarrean altxatzen den olatu atzerakoiaren aurrean, bat gatoz konponbidea nazio gehiago eta nazio eraikuntza gehiago dela esatean. Hau izan zen eta izango da beti bidea egungoa bezalako egoerei aurre egiteko. Beraz, bide horretan lanean jarraituko dugu, bai kalean eta baita instituzioetan ere.