Bidegurutzearen metaforak arrakasta izan du euskararen egoera, oro har, irudikatzeko: bide handia egin du herri honek hizkuntza biziberritzeko, baina bidea amaitu ote zaigun sentsazioa dago. Mendiaren irudia ere baliagarria da: oinarrizko kanpamentuan dago euskararen espedizioa, baina batzuek behera nahi dute, nahikoa lortu delakoan, eta gutako askok, berriz, gora jarraitu nahi dugu, tontorrera inoiz iritsiko ote garen jakin gabe jarraitu ere.
Gora egin nahi dugunon artean, adostasuna dago: orain artekoak honaino ekarri gaitu, baina ez digu utziko askoz harantzago iristen. Egindakoa gehiegizkotzat jo eta behera egin nahi dutenak, berriz, ez dira gutxi. Horregatik, helburuak garbi markatzeko eta adostasunak bilatzeko unea da. Euskararen berreskuratzean geldotze-aroa atzean utzi eta indartze-aro berri bat irekitzeko momentua: anbizio handiko hizkuntza-politika martxan jartzekoa.
Euskaldunok egokitzeko gaitasuna erakutsi dugu historian zehar. Hori da, 2024ko abenduaren 3 honetan ere, hizkuntza bizia, gaitua, baliagarria eta erakargarria edukitzearen atzean dagoen misterioaren esplikazioa. Baina egokitzen asmatzen jarraitu behar dugu, gizartea inoiz baino biziago aldatzen ari baita. Horrek are premiazkoago egiten du aurrean dugun erronkari heltzea.
Gogoeta ugari egin dira eta egiten ari dira euskararen egoerari buruz. Oso garrantzitsuak dira, bidea erakusten dutelako. Eta gogoetekin batera, lidergoak behar dira, diskurtso argiak eta proposamenak. EH Bildun eta EH Bain, baditugu.
Euskal Herrira iritsi, iristen eta iritsiko diren gizon-emakume horiei guztiei eskua luzatu nahi diegu, eta hizkuntza inklusiboa oparitu: euskara ezagutzeak eskubide soziala izan behar du, eta euskara ikasteak, doakoa eta unibertsala. Asmatu behar ditugu euskara irakasteko metodo malguak eta doituak, etorri berrienegoerak askotarikoak eta berriak izango direlako. Hizkuntza-harrera eraginkorra eratu behar dugu.
Murgiltzean oinarritutako irakaskuntza aitzindaria izan da hizkuntza gutxitu baten beharretara moldatutako pedagogia eta didaktika eredu berriak sortzen, eta bitartekoez hornitzen jarraitu behar dugu, hain premiazkoa dugun erabileran gora egin ahal izateko eta ahozkotasunaren lanketa egiten jarraitzeko. Baina, gainera, hezkuntza komunitatean zabaldu egin behar dugu gure herriaren egoera soziolinguistikoaren kontzientzia: irakasle guztiak dira hizkuntza irakasle. Euskal kulturaren transmisioa hezkuntza programen bidez ziurtatzeko proposamenak egingo ditugu, kultura behar baitu hizkuntzak, biziko bada.
Gazteei irakaskuntza araututik kanpoko mundu bat euskaraz eskaini nahi diegu, eta proposatzen dugu herri guztietan eskolaz kanpoko aisialdi antolatua euskaraz, gure hizkuntzaren beste arnasgune funtzionala izan dadin arlo hori.
Eta irakaskuntza arautua amaitzean gazteak lan munduan hasiko direnez, enpresetan euskara harreman eta lan hizkuntza izan dadin sakoneko aldaketak bultzatu nahi ditugu, Lanbide Heziketako eskaintzaren zabalpenetik hasita, enpresen funtzionamenduetan eta datozen enpresa-molde berrietan benetan eragiteko.
Euskararen arnasguneek betetzen duten funtzio nuklearra aintzat hartu eta babes-neurri bereziak eta denboran iraunkorrak hartu behar ditugu: gune euskaldun trinkoen iraunkortasun soziolinguistiko, sozial eta ekonomikoa estrategikoki zaintzeko proposamenak egingo ditugu.
Kultur sistema indartzeko konpromiso irmoa hartu nahi dugu. Horretarako, lehenik eta behin, sortzaileak zaindu behar ditugu eta lan-baldintza duinak ziurtatzeko eta egonkortasuna bermatzeko lege-garapenak eta egitasmoak proposatuko ditugu. Euskal Herri osoa barne hartuko duen programazio sarea indartzeko erabakimena daukagu, esaterako hizkuntza hegemonikoentzat ohikoak diren kultur kuoten aukera aztertuz.
Adimen artifizialaren potentzialitateak euskararen garapenerako eta erabilera handitzeko zerbitzuan jarri nahi dugu, gainerako hizkuntza gutxiagotuekin elkarlanerako-sareak eratuz. Uste dugu badaudela baldintzak katalanaren pare jarriko gaituen potentzia teknologiko bihurtzeko arlo honetan.
Eta hau guztia euskara eta euskarazko kultura bultzatuko duen komunikazio-esparru autozentratu, berritu eta konfiantzako batekin elikatu behar dugu. Pantailetatik iristen den ikus-entzunezkoaren munduan tokia behar du euskarak, eta plataformetan ikusgarri egon behar du euskarazko eskaintzak. EITB horra begira jarri behar dugu. Ikus-entzunezkoen esparruan geuk sortutako fikziozko proiektuak baliabidez bultzatu behar ditugu eta plataforma nagusietan eta zinema-aretoetan euskarazko edukien presentzia esponentzialki handitzeko lan-lerroak garatu, berandu baino lehen.
Euskararen egitura juridikoa moldatu nahi dugu Euskal Herri osoan, egindako aurrerapausoak blindatzeko, urrats gehiago egiteko eta berdintasunezko estatus juridikoa erdiesteko. EAEko enplegu publikoaren legean aldaketak proposatuko ditugu laster, hizkuntza eskubideak errespetatu eta administrazioa euskalduntzen jarraitzeko. Nafarroan, Europako Kontseiluak behin eta berriz salatu duen zatikatze administratiboa amaitzeko bultzatuko dugu, sendotasunez eta irudimenez. Eta Ipar Euskal Herrian hizkuntzarentzat estatus ofiziala lortzeko ahalegina biderkatuko dugu. Administrazio guztiek dute ardura euskararen biziberritzearekin, txikienetik handienera.
Hau da proposatzen dugun bidea:
Hasteko, euskararen ezagutzaren unibertsaltasuna erdigunean jarri nahi dugu ,hezkuntza-sisteman, hizkuntza-harreraren protokoloan eta euskalduntze eta alfabetatzearen sektorearen bidez. Ondoren, baina batera, erabilera-espazioak eratu eta arnasgune sozio- funtzionalak sortzeko ahaleginak biderkatzeko proposamenak egingo ditugu lan-munduan, eskolaz kanpoko aisialdi antolatuan, udalerri euskaldunetan eta administrazioan. Azkenik, baina ez atzean, euskararen ekosistema elikatuko duen bideak garatu nahi ditugu, komunikazio-esparruaren, kultur-sistemaren, ikus- entzunezkoen sektorearen eta adimen artifizialaren bidez. Eta hori guztia berme osoz martxan jarri ahal izateko, aterbe juridiko- politikoa eraikitzearekin batera egin nahi dugu.
Ez dira erronka makalak, eta bakarrik ezingo dugu. Baina bultzatzeko prest gaude, konbentzimenduz eta arduraz. Galdera eta aldaketa handiak ditugu gainean, eta erantzun berri eta berrituak behar ditugu, eraldaketa-palanka eta egitura sendoak. Euskararen biziberritze-prozesuan beste aro bat irekitzeko politika publiko estrukturalak eta esponentzialak.
Hau guztia posible izan dadin lan egiteko konpromisoa hartu nahi dute EH Bilduk eta EH Baik. Hasi gara hainbat neurri zehatz eskatzen eta proposatzen, presente gauden gune guztietan. Politika ezinbestekoa da, eta sinesten dugu despolitizatu baino, politizatu egin behar dugula hizkuntzaren gaineko diskurtsoa, baina gizarte mugimenduarekin batera egin nahi dugu gorako bidea: euskalgintza aktiboa nahi eta behar dugu soka-lagun. Harreman sareak sendotzeko unea da, bakoitza bere zeregin eta arduratik, baina garbi dugu elkarrekin topatuko dugula, topatzekotan, xenda.
Orain da unea. Hau da urtea.
Sinetsita gaude baldintzak badaudela oinarrizko adostasunak lortzeko, eta EH Bildu eta EH Bai prest daude ahalegin guztiak egiteko norabide horretan. Baliabideak behar dira, noski; bultzada politikoa ere bai; egiturazko aldaketak, nola ez; euskararen lurralde guztiak kontuan hartuta pentsatu.
Baina, batez ere, euskaldunon komunitatea aktibatuko duen mezua eta diskurtsoa behar da, eta mezu hori hizkuntza eskubideen errespetutik, herritar guztien arteko berdintasunetik eta euskaldun izatearen harrotasunetik etorriko da. Nortasuna ematen digun hizkuntza bat daukagu, komunitate-zentzua elikatzeko eta arnasberritze nazionala indartzeko oinarrizko erregaia, eta hizkuntza hori kohesiorako tresna eraginkorra izatea dugu amets.
Geuretik, mundura.